Oxel Erostarbe alkate ohiak ezarri zuen zinegotziek eta alkateak soka-dantza egitearen tradizioa, eta aurten, testigua Iraitz Lazkanori emango dio. Dantza horrekin, herria omendu eta herritarrak sokara gerturatu nahi izaten dituzte Udaleko kideek. Alkateak aurreskua egingo du lehenik, eta ondoren, haren atzetik zinegotziak, eskutik helduta, nagusienetik gazteenera kokatuta aterako dira Plazabarrenera.
Entseguak ekainaren 10an hasi zituzten, Irati Kortabitarte eta Xabat Leanizbarrutia dantza irakasleen laguntzarekin. "Aurten beranduago hasi ditugu soka-dantzako entseguak. Iaz otsailean hasi genituen, eta prestatzeko denbora luzeagoa izan genuen. Hala ere, egia esateko, nik oso gustura eta oso ondo ikusi ditut", azaldu du Irati Kortabitartek.
"Iazkoarekin alderatuta soka-dantza laburragoa egingo dugu. Helburua udalbatzaren testigu aldaketa irudikatzea izango da. Aurresku moduan, Oxel Erostarbe joango da, eta bigarren lekuan Iraitz Lazkano alkate berria. Gainerakoak adinaren arabera kokatuta joango dira, eta atzesku lanak gazteenak egingo ditu. Ondoren, aurreskuak eta atzeskuak desafio antzeko bat egingo dute", adierazi du Kortabitartek.
Umeak ere dantzan
Orain dela bi urte, euskal dantzak berreskuratu zituzten Herri Egunean. Herritarren artean oso harrera ona izan dute dantzek, eta, talderik ez egon arren, jaiei begira herriko haurrak elkartu egiten dira Ferixa Nagusixan egingo dituzten euskal dantzak prestatzeko. Aurten ere, Irati Kortabitarte eta Xabat Leanizbarrutia irakasleen laguntzarekin, bi taldek dantzatuko dute soka-dantzaren ostean. 5 eta 9 urte bitarteko 30 neska-mutil eta 10 eta 15 bitarteko 14 neska. "Jaietan umeek dantza egin ahal izateko entseguak antolatu ditugu, Aste Santuko oporren ostean. Elgetan ez dago dantza talderik, eta horrela, txikienek dantza egiteko aukera dute. Umeak oso pozik etortzen dira entseguetara", azpimarratu du Irati Kortabitarte irakasleak.
Txikienek Olagueko esku-dantza, Txulalai, Marmutx eta Saliña-Saliña dantzak egingo dituzte. Nagusienek, berriz, Lehenengo Kontradantza, Bigarren Kontradantza, Xarmantak eta Antxoriz dantzak.