Elgetako Ozkarbi elkarteak mende erdiko ibilbidea

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko mai. 29a, 16:00
Elgetako dantzariak, herriko plazan, saioa egiten. (Joaquin gastesi argazki artxibotik)

Herriko kultura eragile garrantzitsuenetakoa izan da hamarkadetan. Urteurreneko ekitaldiak iragarri dituzte ekaineko lehen aste bukaerarako.

Beste garai batzuk ziren. Francok agintzen zuen eta gobernadore zibilak kontrolatzen zuen mugimendu txikiena ere. Euskal kutsua zuen edozer zegoen debekatua. Elgetako gazteek, ordea, dantza taldea zuten. Gregorio Santa Cruz igotzen zen domeka oro Eibartik dantza eskolak ematera.

Handik urte batzuetara Joaquin Gastesi apaiz gaztea etorri zen Elgetara, eta gauzak egin nahi zituen herrian. Kuadrilla bat elkartu eta elkarte bat sortu zuten. 79 bazkide zituen elkarteak, eta bost batzorde. Patxi Basauri izendatu zuten lehen presidente eta Maria Asun Agirre presidenteorde. 1965eko garai haietarako esanguratsua zen aukeratutako izena: oskarbi edo zeru garbia. Salbador kalean izan zuen lehen egoitza Ozkarbik.  

Mende erdia igaro da ordutik hona eta gauzak asko aldatu dira, baina Ozkarbi elkarteak 206 bazkide eta 356 erabiltzaile ditu. Eta 50. urteurreneko ospakizun ekitaldiak iragarri dituzte ekaineko lehen aste bukaerarako.

Elkarte eraginkorra

Elgetar gutxi izango da Ozkarbi elkartetik pasa ez denik. Gaur egun desagertuta badaude ere, oso eraginkorrak izan ziren urteetan elkarteko bost batzordeak: musika, biblioteka, mendia, pilota eta dantza. Auzolanean egiten zuten lan, eta nork bere ardurak serio hartuta.  

Hasierako urte haietan Ozkarbik balio izan zuen, baita ere, erakundeetatik zetorren aginte ereduari aurre egiteko. Eta herritarren babesa izan zuen hasieratik. Bestelako ezaugarriak ere izan ditu Ozkarbi elkarteak. Mistoa izan da hasieratik, gauza oso ezohikoa, batez ere, sorrerako urte haietan. Eta hasieratik egin du adin txikiko bazkideak egitearen aldeko apustua. Makina buelta eman behar izan zituen Gastesik baimen legalak lortzeko, baina herriko neska-mutikoek dantza, musika, pilota edo zeramika eskolak jaso dituzte Ozkarbin. Mendi irteerak ere egin dituzte.

 

Eta horrekin batera kultura ekintzak antolatzeko eragile garrantzitsua izan da Ozkarbi. Gabonetako zein jaietako karrozak, bertso emanaldiak, dantza saioak, antzerkiak, musika jaialdiak, pilota txapelketak, euskal jaiak... Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Pantxoa eta Pello... izan dira Ozkarbi elkarteak frontoian antolatutako jaialdietan. Desagertua den lau t'erdiko txapelketa ere bertatik sortua da. Eta beste berezitasun bat: Elgetako jaiak Andramarietan izaten ziren eta Ozkarbi eguna San Pedro eguneko hurrengo domekan. Egun, data horrekin ospatzen dituzte herriko jai nagusiak Elgetan.

 

Mende erdi pasa da eta aldatu egin dira gauzak Ozkarkin. Baina eredu izaten jarraitzen du. Herriko erretiratuen elkarteko egoitza ere bada, eta belaunaldien arteko hartu-emanak ahalbidetzen ditu. Gogora ekarri nahi dute, gainera, egindako ibilbidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak