Gaur hasi eta apiril amaierara bitartean Kultura Hamabostaldia dute Elgetako Herri Eskolan. Ohiko asmakizunak, frogak eta jolasak eskolako atarian ipintzeaz gain Galtzagorri elkartearen Liburuaren Altxorra izango dute.Eta Haur Hezkuntzako umeendako ipuin kontaketa saioa egingo du apirilaren 23an eskolako guraso Maider Osak.
Lehen Hezkuntzako ikasleak, berriz, udal liburutegi zerbitzua ezagutzera joango dira, hilaren 27an eta 28an. Bisita gidatua eskainiko die liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak. Eguneko Zentrora ere egingo dute bisita neska-mutikoek izan ere musika emanaldia prestatu dute bertako nagusiendako.
Eta lorategi bertikalari buruzko tailerra izango dute hirugarren eta laugarren mailetako ikasleek. Bergarako Miguel Altuna institutuko aditu batek gidatuko du, apirilaren 29an.
Eta gaur, apirilak 20, eta hurrengo astelehenean Elgetako gurasoendako eta irakasleendako tailerra egingo du Baketik fundazioko Maite Aseginolazak. Izan egitasmoaren inguruko ikastaroa izango da. Bizitzeko eta elkar bizitzeko heziketari lotuta dago.
Elkarrekin Ikasi egitasmoa
Elgetako Herri Eskolak, bestalde, bat egin du Elkarrekin Ikasi egitasmoarekin. Aste Santuko oporrak hartu aurretik Zuhaitz Eguna egin zuten elkarrekin Herri Eskolako ikasleek eta Xalbadorpe elkarteko erretiratuek. Dozena bat sagarrondo landatu zituzten eskolako ortuaren goiko aldean. Ekintza horretan erretiratuek erakutsi zuten eta ikasleek ikasi zuten.
Hurrengoa apirilaren 29an eta 30ean egingo dute. Informatika tailerra izango da. Kasu honetan seigarren mailako ikasleek erakutsiko dute eta erretiratuek ikasiko dute.
Bergaratik etorri da Elkarrekin Ikasi proiektuan parte hartzeko proposamena: Bizikasi eta Miguel Altuna institututik, hain zuzen ere. "Proiektu oso polita iruditzen zaigu", adierazi du eskolako zuzendari Nora Olabidek. Erretiratuen elkartetik ere modu oso positiboan baloratzen dute.