Nolatan animatu zara Gu Geu herri plataformako zerrendaburu izatera?
Taldea egiten hasi ginenean asmorik ere ez geneukan inongo zerrendetan aurkezteko, baina halako baten zerrendaburua behar genuela ohartu ginen eta jendea xaxatzen ibili ostean, ezin ezetz esan!
Beraz, ezin izan diozu inori kontsulta egin?
Ez, egia esateko, ia ihesbiderik ez zuen ekimen baten sartzea erabaki genuenetik. Etxekoek ez sartzeko esan zidaten, baina orain egiten ez badut geroago ez dut egingo. Orain indarra eta gogoa dauzkat eta aprobetxatu egin behar da momentua. Lanerako gertu nago.
Sasoi ona da politikan sartzeko?
Jendea orain arte oso desanimatuta egon da, baina azken boladan ibili dabilen mugimenduarekin uste dut jendea ere hasi dela txipa aldatzen eta parte hartzeko gogoa erakusten. Badirudi buelta ematen hasi gatzaiola egoerari, eta norbanakook inplikatzea erabaki dugula. Beste inor kritikatzen ibili ordez, norberak egin dezala eta ardurak bere gain har ditzala. Gainera, taldean esperientziadunak ditugu eta babestuta nago.
Udal zerbitzuen funtzionamenduaren jakitun bazara hein baten… Udalarentzat lanean ibili zara.
Kultura arloan eta artxibo lanetan ibili naiz eta hori oso txikia da. Baina Udala ezagutu dut.
Baina kultura oso garrantzitsua da, ala?
Jakina! Eta horri esker hasi ginen mugitzen gero herri plataforma sortzera animatu ginenok! Guraso elkarteko presidente ere banaiz, eta horren bueltan ibili gara lanean. Arimen Gaua antolatu genuen, Karnabalak ere gure kontura izan ziren eta baita Euskararen eguna ere. Eta, handik, pixkana-pixkana, saltsa gehiagotan sartu gara.
Animatzaile sozio-kultural izateko ikasketek izango dute zerikusirik horretan?
Baita hori ere! Urte asko egin ditut lasai, inon sartu barik, baina umeak jada hazita daude eta zerbait egin beharra igarri dut.
Zaletasunak eta ikasketak lotu dituzu, ala aparteko zaletasunak badituzu?
Batzuk bai eta beste batzuk ez. Argazkilaritza beti gustatu izan zait. Elgetako herriko bideen katalogazioa egin nuenean argazki mordoa bildu nituen eta erakusketa osotzea erabaki nuen ze, gainera, jende asko auzoetaraino ez da joaten eta pentsatu nuen aukera ere bazela herriko ondarea erakusteko herritarrei. Auzoak garrantzitsuak dira.
Aitortu, eguraldiaren tartera ere bidali dituzu argazkiak.
Lehen asko. Eltiempo.es atarira bidali izan ditut eta ETBko Eguraldia tartera ere bai, baina utzi egin nion webgunera argazkia gehitzeko sekulako lana hartu behar zelako. Hala ere, aspaldian ez dut argazkirik bidali; jada ohartu naiz nere leihotik beti berdina ikusten dela.
Ze eratako argazkiak dituzu gustukoen?
Paisaiak batez ere. Baina digitalarekin kolore eta ñabardura asko galtzen direla uste dut.
Tira… Instagrameko filtroak horretarako daude!
Baina hori ez da benetakoa! Lehen magia gehiago zeukan argazkilaritzak. Hala ere, abantailak ere baditu digitalak, gustuko ez duzuna ken zenezake.
Gu Geu Elgeta plataformaren irudiarekin zerikusirik izan duzu?
Bai, bi lagunen artean aritu ginen, eskuen irudiari bueltak ematen eta azkenean osotu genuen adierazi nahi genuen hori irudikatzea.
Zaletasun horiek guztien artean komunikabideak jarraitzea ere badu lekurik?
Bai, gainera nire semeari asko gustatzen zaizkio albisteak eta etxean beto jarri dizkio TVE1ko albistegiei eta orain dela gutxi Antena3koei. Eta, Tele5 guztiz debekatu digu. Albisteen emanaldietan berak agintzen du.
Sare sozialetan ibiltzen zara?
Ez, ez naute erakartzen. Semea ikusten dudanean Tuentira erabat lotuta ernegatu egiten dit. Benetakoa ez den burbuila batean itxiko balira aritzen dira; nahiago nuke zibergunea utzi eta benetako bizitzan arituko balira, lagunekin. Ez da bakarrik pantaila bat, mordoa dira! Gainera sare sozialetan, nerabeen artean, gauzak oso era bortitzean esaten dizkiote elkarri, ondorioak neurtu gabe.
Intxortako Erresistenteen Egunean ere parte hartu izan duzu. Garrantzitsua da batailak birsortzea?
Tontakeria bat dirudi, baina gogoratzen lagutzen dute, gertatutako ez ahazten. Gainera, gure kasuan, aukera ematen du ohartzeko zein egoeratan borrokatu ziren gudariak; alde batean goitik behera uniformatutakoak, taktikak zehaztuta, eta beste aldean lau gudari, eskopeta zahar batzukin, trintxera baten atzean… Desberdintasun horiek agerian uzteak ere balio dute memoria egiteko.
Aizu, liburuzaina izan zarenez, opari bat egin behar izanez gero, liburuak ala musika?
Liburuak bai. Ze, musika kontuetan ohartu naiz zahartuta geratu naizela, ez dut oraingo musika jarraitzen. Gainera, gaur egun liburuen mundua ikaragarri aldatu da eta liburu zoragarriak daude; azaletan esaterako sekulako inpresioak izaten dituzte eta umeen liburuak! Horiek bai direla ikusgarriak! Ilustratzaile ikaragarri onak daude gaur egun. Pena da hain liburu gutxi irakurtzea.
Amaitzeko, maiatzaren 24ko emaitza zein izango den esaten ausartzen zara?
Ez daukagu ideiarik ere ez. Ez daukagu aurreko urteetako inongo emaitzekin alderatzerik, beraz, ikusteko dago; elgetarrek erabakiko dute.