Dorre izan barik, izen hori hartu duten bi eraikin daude gaur egun Elgetan. Torre-zar da bata, eta izen hori ematen dion plaka ere badu fatxada nagusian: Torre-zar, reconstrucción año 1958, dio. Besteak Abridio inskripzioa du armarrian –jatorri ezezaguneko abizena–, besteak beste, baina herritarrek Torre edo Torrekua izena ere ematen diote.
Iraitz Lazkano elgetarrak ondo ezagutzen ditu jaioterriaren historia eta ondarea, eta honela dio: “Bi etxeok torre izena hartu duten arren, ez dute arkitektonikoki dorre ezaugarririk, gehiago dira jauregi edo baserri. Baina izenak berak antzina Elgetan eraitsi zen dorre batera eramaten gaitu, 1456an ganboatarren eta oinaztarren arteko liskarren testuinguruan bota zuten Torre-zar dorrera”, Lazkanok kontatu duen moduan.
Mendekuaren ordaina
Honela azaldu du Iraitz Lazkanok orduan gertatutakoa: “Ganboatarren eta oinaztarren arteko liskarretan, elgetarrak ganboatarren aldekoak ziren eta 1448an izandako Arrasateko erreketan parte hartu zuten; su emaile gehienak elgetarrak ziren, hala nola Jaolatza, Olaegi Nagusi, Urrupain, Egurbide, Maia eta Iturrikastillo etxeak. Hala, Arrasateko erreketa dela eta, Gipuzkoako Hermandadeek jauntxoak zigortzeko eskatu zioten Gaztelako erregeari eta hark, eskaria aintzat hartuta, Elgetako dorrea botatzea agindu zuen. Hori horrela, 1456an eraitsi zuten”.
Arrastorik ez
Aspaldiko kontuak dira, eta gaur egun ez da garai hartako dorrearen arrastorik geratzen. Are gehiago,“ez dago argi kokaleku zehatza zein zen”, esan du Lazkanok, “ezta gaur egun torre izena ematen zaien herriko bi etxeetako bat dagoen lekuan ote zegoen ere”, gehitu du. “Dorrea omen zegoen hiribilduaren inguruan, gaur egun San Roke kalea denaren inguruan, eta ez Torre-zar ezta Abridio ere, ez daude orduko hiribilduaren baitan”, esan du Iraitz Lazkanok.
Juan San Martinek –euskaltzain eta lehen Ararteko izendakoa– Eibar eta Elgetako Toponomatika liburuan honela jasotzen du: “Torre-zar Elgeta leinuaren etxea zen, noski. Baina argi utzi behar dut Maia zen tokian Elgeta sortzeaz 1335ean eta hiri-gutuna jaso 1373an, hiri bilduaren partean eraiki zela dorretxea. (...). Orain zutik den Torre, hiribildua zenetik kanpo, Abridio ateburuan jartzen duena, ez da Torre-zar”.
Eraikin berriagoak
Torre, Torrekua edo Abridio moduan ezagutzen den etxeari dagokionez, 1564koa da. Eraikinaren elementu aipagarrienetako bat daukan fatxada simetrikoa da, garaiko kanon errenazentista berantiarraren ezaugarriak betetzen dituena.
Azpimarratzekoak dira, era berean, ateburu gaineko harrizko pieza handiak, atearen albo banatan dauden pilastrak eta dauzkan motibo apaingarriak, besteak beste.
Arkitekturarekin zerikusirik ez duen fatxada nagusiko beste detaile bat ere ere nabarmendu du Iraitz Lazkanok. Hain zuzen ere, harrian, hildako gudari baten izena agertzen da, gurutze batzuen ondoan: Joseba Tellitu, Batallon Muniatones agertzen da.