Maratoiaren aitzakian, bizitzaren muinera lasterka

Maialen Torres 2015ko urt. 23a, 10:27

Irribarreak eta dramak, biek dute tokia Maratón a Nueva York antzezlanean. Criadero De Morsas konpainiaren eskutik, Espaloian ikusgai izango da gaur, 22:30ean. Gizakiaz eta haren jokabideez hausnartzeko aukera ematen du antzezlanak, baina, funtsean, New Yorkeko maratoirako entrenatzen ari diren bi lagunei buruzko istorioa kontatzen du. "Antzezlana erakargarri egiten duena ez da gu korrika ikustea, interesgarriena da ikusleak lasterka ari garela ahaztu egiten duela, eta kontatzen ari garen istorioarekin geratzen direla", dio Chechu Moltok, Roberto pertsonaiari bizia ematen dion aktoreak.

Hasiera batean era batekoak diruditen bi pertsonaiek –Roberto eta Joaquin Mollak antzezten duen Mario– badute halako armadura bat gizartearen aurrean, pixkanaka arrakalatuz doana, eta, istorioak aurrera egin ahala, pertsonaien benetako izaera erakusten dute. Moltok hauxe dio: "Dikotomia hori da interesgarria, pentsarazi egiten duelako".

Antzezlana ez da leku zehatz batean gertatzen, eta, horregatik, erabiltzen duten dekoratua erabat minimalista da, inondik inora identifikagarria: hartxintxarrezko zorua eta hondo beltza.

"Inora eramaten ez duen bidaia da", dio Moltok, baina ez du gehiagorik argitu nahi. Izan ere, ikusleari utzi nahi diote obraren esanahia era askean interpretatzen. "Ikusle bakoitza leku, ideia edo pentsamendu batera garraiatzen du, eta, azken finean, horixe da artea", azaldu du aktoreak.

Etengabe korrika

Antzezlanaren une gehienetan korrika dabiltzan itxura eginez antzeztu beharra erronka latza izan zen hasieran aktoreentzat, baina erraz egokitu ziren, aspalditik dira-eta kirolariak.

Era berean, lasterka ari diren bitartean, oinatzek antzezlanaren soinu banda osatzen dute. "Ia hipnotikoa da", onartu du Moltok. Urratsekin jolas egiten dutela esan du; izan ere, askorik ez diren arren, badira momentu batzuk ikusleak jasotzen duen bakarra horixe dela, eta baliatu egiten dute aktoreek, urrats ozen edo leunagoez, istorioa indartzeko.

Hainbat faktorek bat egin zuten bikote hori antzezlana egitera bultzatzeko. Izan ere, aspalditik ezagutzen dute elkar, baina testu bera elkarren artean harremanik ez zuten bi pertsonarengandik jasota, seinale bat bezala interpretatu zuten, eta eurek ekoiztea erabaki.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak