Maria Angeles Elkoro: "Pentsa... Udalean lanean hasi nintzenean ikurrina ez zen legezkoa"

Irati Goitia 2015ko urt. 28a, 00:00

Maria Angeles Elkoro azken lanegunean.

Maria Angeles Elkorok 37 urte egin ditu Udalean lanean. Lehenengo, laguntzaile; eta gero, idazkari. Urtebete da erretiratu zela. Dio orain herriko kontu gehiago dakizkiela.

1977an sartu zinen Udalean. Aldaketa askoko urteak bizi izan dituzu.

Bai, ni sartu nintzenean ez zegoen mankomunitaterik ezta Jaurlaritzarik ere. Bestalde, Udalean sartu nintzenean ez zegoen batzorderik ere. Hala, administrazioaren funtzionamenduari dagokionez, asko izan dira aldaketak. Urte hauetan guztietan lege berriak ere sortu dira.

Politikari dagokionez urte zalapartasuak izango ziren hasierakoak.

Pentsa, ni sartu nintzenean ikurrina ez zen legezkoa. Bestalde, oso gogoan dut O-23a [23-F delakoa]. Etxean nintzen eta alkateari deitu nion telefonoz, larrituta. Espainiako lehenengo hauteskunde demokratikoez ere oroitzen naiz. Bestalde, hasierako urte haietan osoko bilkuretan mozioak izaten ziren nagusi. Politika kontuak izaten ziren: ETAren hilketak zirela edo GALekoak. Aldaketa askoko urteak izan ziren. Gobernu zibilera joan behar izaten genuen informazioa eskuratzera eta ikastaro ugari egin behar izaten genituen. Oroitzen naiz, adibidez, Oñatira eta Donostiara joaten ginela. Alde batetik bestera ibili behar izaten genuen. Ez dakit nola ateratzen genuen denbora... Geroago, 1988an, oposizioak ere atera behar izan genituen eta horretarako ere asko ikasi behar izan genuen. 

Urteekin euskararen presentzia ere areagotu da udalean.

Bai, hori ere aldaketa handia izan zen. Dena euskaraz egitera pasatu ginen. Horren adibide izan ziren osoko bilkurak. 1996an hasi ginen aktak euskaraz idazten. Bestalde, langileok ziurtagiriak atera behar izan genituen.

Euskarriei eta teknologia berriei dagokienez ere moldaketa asko bizi izango zenituzten Udalean.

Orduan eskuz egiten zen dena. Liburu batzuetan idazten zen. Urte dezentez jardun genuen eskuz idazten. Gogoratzen dut Elgetako udaletxean sartu nintzenean dena oso zaharkituta zegoela, eta gauzak hankaz gora. Hala, hasierako urteetan, ohiko lanaz gain, dena txukuntzen ibili nintzen: liburuak forratu, paperak jaso... Gogoan dut idazteko makina bat genuela, baina ez zegoen fotokopiagailurik, esaterako. Hala, kalkoekin egiten genituen kopiak. Urte asko pasatu dira ordutik hona. Nik uste dut urte gutxian aldaketa asko egon direla. Egia esan, ordenagailuek eta gainerako berrikuntzek asko erraztu zuten lana. Horiek erabiltzen ikasteko ere hainbat ikastaro egin genituen, Word eta posta elektronikoa nola erabili ikasteko, adibidez. Orain, eskolan ikasten dute hori, baina guk zapatu goizetan joan behar izaten genuen ikastaroetara eta udaletxean bertan ere jasotzen genituen. Hala ere, teknologia berriak erabiltzen ikasteak baino lan handiagoa eman digu dena digitalizatu beharrak. Izan ere, datu pila bat pasatu behar izan dira formatu digitalera. Behin sartuz gero erraza da, baina hasieran... Langileak ere hartzen genituen horretarako; izan ere, lan handia eskatzen zuen.

Beste hainbat kontu edo anekdota ere izango dituzu.

Elgetan beti izan dugu diru falta. Oroitzen dut, adibidez, kultura etxeko lanak egin zirenean jaso genuela diru laguntza Diputaziotik, eraikina harena zen eta hitzarmenak egin ziren. Baina gero, altzariak jartzeko ez genuen nondik atera. Hala, Patxi Basauri eta biok joan ginen Diputaziora, eta, Kultura teknikariaren bulegora sartu orduko, horretarako dirurik ez zegoela esan zigun. Esertzen ere ez zigun utzi. Oso gogoan dut haren jarrera. Bestalde, elurrarekin ere beldurtuta izaten ginen. Izan ere, elurteek utzitako gastua ordaintzeko diru asko behar izaten zen: makinak alokatu, kaleak garbitu... Beti esaten genuen: "Ez dezala elurrik egin!"; izan ere, aurrekontuak horren menpean egoten ziren.

Lehen, herriko albiste guztien berri izango zenuen. Orain, erretiratu zarenetik, dena jakin behar izaten duzu?

Nik uste dut udaletxean lanean nenbilenean ere, askotan, azkena izan ohi nintzela gauzak jakiten. Agian, Udaleko kontuak jakiten nituen, baina ez beti, ez pentsa. Nik uste dut kalean eta tabernetan ibilita gauza gehiago entzun daitezkeela, hor ibiltzen da albistea. Esango nuke, agian, orain gehiago jakiten ditudala herriko kontuak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak