Datorren urterako 1.725.947,92 euroko aurrekontua onartu du udalbatzak. Aurtengoa baino 75.000 euro handiagoa da, eta gehikuntza horren zati handi bat —57.167 euro— inbertsioetara bideratuko dute. Udal Gobernu taldeak aurkeztutako proposamenak EAJko bi zinegotzien babesa jaso du. EH-Bilduko hiru zinegotziak abstenitu egin dira.
Oxel Erostarbe alkateak azaldu du diru-sarrera handiagoa aurreikusten dela Foru Fondotik, baita inbertsioak aurrera eramateko sarreretan ere. "Udal zerbitzuen maila mantendu egingo da, eta herria aurrera ateratzen diharduten elkarteen eta norbanakoen ondoan jarraituko du Udalak", adierazi du.
Inbertsioetarako 259.750,11 euro izango ditu Udalak. Bideratuko dituzte, besteak beste, energia aurrezteko herriko argiteria berritzera, ibilbide tematikoa bultzatzera, baserri guneetan hobekuntzak egitera, eskolako eta haurreskolako beharretara, Bolatokiko ziburuetako lurra aldatzera, edo kiroldegian mahai-tenis mahaia ipintzera. Kasu gehienetan beharrezkoa izango da kanpoko erakundeen inplikazioa. Goiena taldearen kuota ere %1 igoko dute. "Aurrekontuan, zoritxarrez, bada diru-lerro bat Udalak dauzkan epaiketei erantzuteko. Diru dezente jaso dugu horretan gura dugulako 2015eko aurrekontuarekin zati handi bati erantzutea. Eta badago beste bat hauteskunde ostean udalbatza berriak udal kontuen auditorioa egiteko aukera izan dezan".
Oposizioaren abstentzioa
Bildutik begi onez ikusi dituzte azken bi diru-lerrook, eta aurrekontu proposamena bizi dugun egoera ekonomikora egokitzen dela esan dute.
Desadostasunak agertu dituzte, ordea, zenbait inbertsiorekin: metrailadorea (4.000 euro), jolas parkeko lurra (8.000 euro), mahai-tenis mahaia (3.000 euro). Udal webgunearen mantenua ere merkeago egin daitekeela uste dute. "Momentu honetan ez ditugu hain beharrezko ikusten, eta uste dugu aurreztu daitekeen diru kopuruarekin Udalari bizitza eta kolorea eman ahal dien hainbat gauza egin daitezkeela", azaldu du Janire Lazkanok.
Bilduk proposatu du diru horrekin hezitzaileen soldata 7. mailara igotzea eta udal teknikari bat kontratatzea. "Aurrekontua aurrekontu urtean zehar eta batzordez batzorde partida bakoitzaren gainean hartu diren erabakiak eztabaidatzen izan gara gure iritziak eta aldarrikapenak gauzatzeko lanean".
EAJ konforme
Positiboa da EAJk egindako balorazioa. "Bi batzorde ditugu eta baserritarrenean jasota daude baserri batera ura eramateko proiektua eta beste batera bide berria egiteko proiektua. Beste lau edo bost baserrirako bideak mantentzeko diru-lerroak ere jasota daude. Mantentze lan hori Udalaren ardura da. Turismo batzordean, berriz, jasota dago ibilbide tematikoa bultzatzen jarraitzeko diru-lerroa, baita Lagun Artea errota konpontzeko dirua ere. Ea datorren urtean martxan jartzen dugun kanpotik etortzen den jendeak bisitatzeko aukera izan dezan", esan du Patxi Basaurik.
Erostarbe pozik
Agintaldiko azken aurrekontua onartu ostean pozik agertu da Erostarbe. "EAJk eta Bilduk adostasun zabala dute aurrekontuarekin", esan du. "Bildu ados dago %98,9arekin. Metrailadorea, ziburuetako lurra eta mahai-tenis mahaia aipatu dituzte bozketan abstenitzeko".