Aixolan burdinolak, errotak edo zentralak zeudenekoak

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko aza. 20a, 12:00

Errota Azpikua etxearen aztarnak Aixola erreka gainean, atzean Urdebeinkatu.

Urtegia aurkituko dugu gaur egun Elgetako Aixola auzoan. Ia ez dago auzotarrik eta ingurukoek aisialdi gune bihurtu dute ingurua, paseoan edo kirola egiteko.  Oso bestelakoa zen bizimodua iraganeko auzotarrendako.

Herritik ia ordubetera oinez, uraren indarra bihurtu zuten ogibide. Beko Errota etxeko seme Jose Mari Zubierrementeriak ez du zalantzarik: "Industrialde moduko bat izan zen auzoa".

Jasota dago Aixola errekako uraren indarrarekin martxan jarritako lehen jarduera burdinolena izan zela. Bi agertzen dira agirietan: Gurguriola edo Urbedeinkatu burdinola, eta Ola-Zarra burdinola. Gurguriolako arrastoak bistan daude, Ola-Zarra urpean gelditu da. "Ikatza eta uraren indarra bertan zeuden. Minerala Somorrostrotik ekartzen zuten gurdiz zein mandoz Zaldibartik gora", azaltzen du Zubierrementeriak. "Gurdibidearen zati bat, 300 bat metro, bere horretan dago, oraindik ere".

Errotak erreka kontran 

Aixola auzoan indar handia izan duen beste jarduera bat errotena izan da. Uraren indarraz baliatuta errotariek aleak ehotzen zituzten lakia edo moturaren truke —irinaren parte bat—.  Errota izandako zortzi etxeren arrastoa gelditu da jasota, eta ez da erraza arrasto hori jarraitzea denek dute-eta izen bat baino gehiago. Errotak ziren Anastasia Errota, Urbedeinkatu, Azpikua Errota, Ola-zarra, Naparkua, Ibutx, Baltzolabarrena, eta Beko Errota. Lehen hiruren aztarnak bakarrik ikus daitezke gaur egun urpean gelditu baitira gainerakoak. "Errotari izatea bazen zerbait, boto eskubidea zuten", azaltzen du Zubierrementeriak. Errota batzuk 36ko gerra aurretik desagertu ziren. Beste batzuk 60. hamarkadara arte iraun zuten lanean. "Uraren indarrari etekin handia ateratzen zioten", azaltzen du Zubierrementeriak. "Sarri, errota batek lagatako ura hartzen zuen hurrengo errotak, metro gutxira. Hasi goian eta beheraino Aixola erreka guztia aprobetxatzen zuten".

Argindar iturri ere bai 

Zentral elektrikoak ere egon izan dira Aixola auzoan, XX. mende hasieran, bi hain justu ere. Naparkua baserrikoak Electra Elorriana zuen izena, eta bertan sortutako argindarra Elorriora bidaltzen zuten. Beko Errota baserriko zentralak Electra Elgeta edo Argi Berria zuen izena, eta Elgeta hornitzen zuen, gehienbat Elkoro fabrika. 60. hamarkadara arte egon ziren martxan. Egitasmo hutsean gelditu ziren beste bi zentral: Urbieta mendi ingurukoa eta Beko Errotako bigarren zentrala. Asmoa zen Zaldibar hornitzea, baina proiektu horiek ez ziren gauzatu.

Bizimodu gogorra 

Zeregin askotarako eman du Aixola auzoak, eta bizimodua aurrera ateratzeko ezinbesteko izan dituzte guztiak auzotarrek. Urbedeinkatun eta Lapurdin teileria bana egon ziren. Laborantzan, artzaintzan, ikazkintzan, karegintzan, eta armagintzan ere aritu dira aixolarrak. Sallabenteko zerrategiraino egurra bidaltzeko bi kable ere egon izan dira.

Estraperloan ere iaioak izan dira auzotarrak. Gipuzkoa eta Bizkaia arteko muga izanik jakiak, edariak, olioa, azukrea, armak... igaro dira bertatik, ezkutuan. Makina bat pasadizo kontatzen dituzte bertakoek. Baina horiek beste baterako utziko ditugu.

----------

Askotariko zereginetara ohitutako auzotarrak, Aixolan

Gizonezkoak agertzen dira 40. hamarkada ingurukoa izango den argazki honetan, baina Aixola auzoan emakumezkoek ere bizimodu gogorra izan zuten. Irudi honetan agertzen dira, besteak beste, Pablo Zubierrementeria, Vicente Ansuategi, Pablo Arizmendiarrieta, eta Felix Olaortua, besteak beste. Eibarko San Juan jaietan ateratako argazkia omen da. Aixolako azken errotarietako bat, ordea, emakumea izan zen: Damiana Irazabal Askasibar, hain zuzen ere.

(Aixola auzoko mutil taldea)

----------

Joxe Mari Zubierrementeria (Beko errota etxekoa): "Aixolak liburu baterako emango luke"

Antzinako kontuak erakarrita etxeko makina bat agiri ditu gordeta, eta pasadizo entzunda.

Auzo berezia izan da Aixola. Mugimendu handiko auzoa, bai. Burdinolak, errotak, zentralak, ikazkinak, kareginak... izan dira hemen. Eta baserri txikiak nola ziren laborantzan eta artzaintzan ere aritzen ziren. Etxe guztiek zuten karobia, ardi txabola eta antzerako zerbait aldamenean.

Auzotar asko ditu egun? Uneotan, Oilarkotan bizi direnak eta Aixolako harrera gunean daudenak. Etxe eta baserri asko ur azpian geratu ziren urtegia egin zutenean.

Auzoko bizimoduaren gaineko informazio asko daukazu gordeta?  Gustatzen zait iristen zaizkidan antzinako dokumentuak gordetzea. Aurrekoek ere bazuten ohitura hori, eta gauza asko dauzkat etxean jasota. Birraitonaren ehiza lizentzia, aitona Kubako gerrara joateko erreklutatu zuteneko agiria, eskritura zaharrak, salerosketa fakturak... Aixolak liburu baterako emango luke baten bat animatuz gero. Gauza benetan kuriosoak daude.

Asko aldatu dira gauzak Aixola auzoan? Bai. Jendea paseora edo kirola egitera etortzen da. Egia esan leku oso aproposa da horretarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak