Haritz Gallastegi: "Goi mailako kirolari izatearekin amets egiten nuen txikitan"

Ander Larrañaga 2014ko aza. 19a, 00:00

Haritz Gallastegi, jaioterrian, Elgetan, Andra Mari plazan.

Haritz Gallastegi elgetarra kazetaria da, eta, hura baino gehiago, bere ahotsa da ezaguna: izan ere, Euskadi Irratian jarduten du esatari lanetan, Athleticeko partiduak ematen. Horrez gain, aipatzekoa da Berria egunkarian kirol-albisteak eta elkarrizketak idazten dituela.

Zelakoa da Haritz Gallastegi?

Pertsona normala naiz. Dagoeneko gazte ohia. Burugogorra oso. Ez dakit gauza onik daukadan. 

Zein harreman daukazu sukaldearekin?

Egia esan, sekula ez da inolako feeling berezirik egon gu bion artean. Hori bai, handik irteten den ia guztia dut gustuko. Bestalde, sukaldarien lana inork gutxik bezala eskertzen dut. Platera garbi-garbi laga arte, hain zuzen ere. 

Zein da zure espezialitatea?

Nire berezitasuna da ez daukadala espezialitaterik. Atera kontuak...

Non eta zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena? 

Lagunik onena baino gehiago, egunero ni aguantatzen nautenak gonbidatuko nituzke; kostako herriren batera, agian, arrain goxo bat jatera.

Eta etsairik handiena? 

Etsairik handiena ere kostara eramango nuke, baina, hori bai, hark ordaindu beharko luke, noski.

Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri?

Egia esango didan pisu handiko edozein politikarirekin konpartituko nuke mahaia. Eta Nicolas gaztearekin ere bai. Artista!

Zergatik kazetari?

Kirolarekin lotura izateko bide bat zelako, batez ere.

Kazetari ez bazina...

Goi mailako kirolari izatearekin amets egiten nuen txikitan, baina onartu beharra daukat ez nintzela ondo moldatzen baloiekin eta pilotekin.

Zein miresten duzu kazetaritzan?

Notiziarik asmatzen ez duten guztiak. Eta baldintza oso kaxkarretan euren lana bikain aurrera ateratzen duten kazetari guztiak.

Zein izan da, zuretako, esatari egin duzun Athleticen futbol partidurik onena?

2009. urteko Kopako finalaurrekoa: gogoan dut San Mamesen 3-0 hartu zuela mendean Athleticek Sevilla. Finalerako txartela zegoen jokoan. Ikaragarria izan zen.

Zein partidutan arituko zinateke gustura esatari lanak egiten?

Athleticek irabazten duen edozein finaletan. Orain arte hiru egin ditut eta hirurak galdu ditu talde bilbotarrak. Akaso, ni izango naiz erruduna...

Zer duzu maite bizimodu honetan?

Gauza normalak: semaren irribarrea, lagunekin kafea hartzea... 

Bizimodu honetan ezinbestekoa da zuretako...

Osasuna.

Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute.

Ez naiz esna nagoen bitartean amets egitearen oso zale. 

Zure bizitzako anekdota bat.

Behin, Arrasaten ogia erosten ari nintzela, dendako saltzaileak Elgetakoa ote nintzen galdetu zidan. Nik baietz erantzun nion, eta ea nola asmatu zuen galdetu nionean hauxe izan zen haren erantzuna: "Euskadi Irratian Athleticen partiduak kontatzen dituen mutilak bezala egiten duzu berba".

Damu zara…

Ez naiz aparteko ezeren damu.

Zer errepikatuko zenuke?

Egin dudan ia guztia.

Zerk beldurtzen zaitu?

Gauza askok.

Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…

Semeak tripa gainera salto. Ederra benetan!

Nora ospa egingo zenuke gustura?

Konpainia onarekin bada, niretako edozein leku da aproposa ospa egiteko.

Ze esaldi konpartituko zenuke? 

Ez eskatu ingurukoei norberak egiten ez duen ezer egiteko. Ez da erraza betetzea. 

----------

Aukeran...

Lehen platera: Entsalada bereziren bat. 

Bigarrena: Erreboiloa (rodaballoa). 

Postrea: Txokolatea duen edozein postre.  

Edatekoa: Ura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak