Belen Azkarate: "Gure benetako izaera ezagutu eta azaltzen laguntzen digu antzerkiak"

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko urr. 22a, 10:28

Belen Azkarate, Antzuolan.

Esperimentatuz, norbera ezagutuz eta elkarri entzunez, antzerkiarekin ondo pasatzeko testuingurua sortu nahi du Belen Azkarate irakasleak umeendako antzerki tailerrean.

Ipuin kontaketaren munduan eman zituen Belen Azkaratek lehen pausoak, clown antzerkira salto egin baino lehen. Ahozkotasuna eta antzerkia betidanik gustatu izan zaion arren, Virginia Imazen bultzadari esker kendu zituen jendaurrean aritzeko beldurrak eta lotsak. Oraingoan ere, haren gidaritzapean arituko da Espaloiak eskainiko dituen antzerki tailerretan, irakasle lanetan.

Azaroaren 7an hasita ekainera arte, ostiralero bi saio egingo dituzte. Zortzi eta hamaika urte bitarteko umeekin bata (17:00-18:30), eta hamaika eta hamahiru artekoekin bestea (18:30-20:00).

Gustura aritzen al dira haurrak antzerkian?
Umeentzat ez da batere eremu arrotza, mundu sinbolikoan bizitzera ohituta baitaude. Bertan, edozer gauza sinetsi, egin edo izan daitezke, mugarik gabe. Marigorringo bat izan nahi badute, arazorik gabe asmatuko dute horren inguruko istorioren bat. Eurentzat jolas bat da, eta halaxe izatea nahi dut, ondo pasatzeko, elkarrengandik ikasteko eta lotsarik gabe aritzeko testuingurua sortzea baita helburua.

Nolakoak izango dira saioak?
Edonorentzako lekua egongo da saioetan, helburua ez baita aktore bikainak sortzea, ondo pasatzea baizik. Horregatik, ume bakoitzaren erritmoaren eta gaitasunen arabera egokituko ditugu saioak. Esperimentatuz, norbera ezagutuz eta elkarri entzunez zerbait eraikiko dugu denon artean kurtso amaierarako, baina oraindik zehaztu gabe dago, ikasleen nahien arabera erabakiko baitugu zer egin. Eskolatik kanpoko zerbait denez, giro informalean eroso aritzeko aukera izango dugu.

Zer landuko duzue?
Antzerkia era ludikoan landuko dugu, baina bidean harremanak, euren gorputzaren ezagupena eta autoestimua ere garatuko dira. Dena den, ia edozein gai lantzeko erabili daitekeen tresna da.

Zer da zuk tailerretan umeengandik jasotzen duzuna?
Egia da horrelako ekimenetan eman baina gehiago jasotzen dugula guztiok. Izan ere, oso elkarrekintza aberasgarria sortzen du antzerkiak. Oraindik ez ditut Elgetako tailerreko partaideak ezagutzen, baina argi daukat, orokorrean, asko dugula ikasteko umeengandik. Gutxien espero dugunean harritzen gaituzte.

Zein leku izan behar luke antzerkiak hezkuntzan?
Beste edozein ikasgai bezain garrantzitsua dela uste dut. Izan ere, norbere burua ezagutuz, gizartearen aurrean garen moduan agertzeko ditugun beldur eta lotsak ezabatzen laguntzen digu. Gainera, eguneroko bizitzarako baliabideak eskaintzen dizkigu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak