Bote luzean eta laxoan jokatu izan da, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko urr. 17a, 13:44

Atzo, hitzaldia egin zuten Oiartzungo Txost elkarteko bi lagunek eta gaurko eskuzko pasaka erakustaldia iragarri dute udal pilotalekuan, 19:30ean.

Hormaren kontra jokatzen dugu gaur egun pilotan, baina badira beste pilota modalitate batzuk, zaharragoak, eta galtzeko bidean daudenak. Oiartzungo Txost elkartean horiek berreskuratzeko lanean dihardute, eta Elgetan izan berri dira hitzaldia eta eskuzko pasaka erakustaldia egiten. "Euskal pilota ez da ezker pareta soilik. Badago pilotan jokatzeko beste modu bat nagusi izan dena Euskal Herrian orain gutxira arte", azaldu du Elgetan Txost elkarteko Jose Mari Mitxelenak. "Euskal Herrian aurrez aurre jokatu da pilotan XIX. mendearen bukaerara arte".

"Ia segurua da Elgetan ere jokatu zela bote luzean", dio Txost elkarteko Jose Mari Mitxelenak, eta Enrique Abril pilota-zaleak utzitako dokumentazioan aipamen bat aurkitu dutela dio. 1944ko dokumentu batean Abrilek kontatzen du nola garai batean Asentzio zegoen pilota-soro baten berri ematen dion Elgetako artzain talde batek. Herrian beste bi pilota-soro egon zitezkeela ere jasotzen du Abrilek: bata Olaegin, Uriarteko Amaren ermitaren inguruan, eta bestea Larragibelen, baina zalantzan jartzen du.

Laxoa modalitatearekin lotuta ere bada arrastorik Elgetan. Jose Mari Mitxelenak jakinarazi duenez beste dokumentu batean Enrique Abrilek jasotzen du nola idi-demak jokatzeko plaza egiterakoan laxoa jokatzeko eremuaren zati bat hartzen den.

"Argi dago hemen bazegoela pilota mugimendua, pilota kultura", ziurtatzen du Mitxelenak. "Bote luzea jokatzen zen Asentzion, eta laxoa herrian. Seguruenik pasakan ere egingo zen!".

Zentzu horretan, elgetarren laguntza eskatu zuen inork informazio gehiago edukiz gero Txost elkartearekin harremanetan jartzeko. "Zenbat pilota-soro egon ziren Elgetan? Bat seguru, eta beste bi akaso", dio.

"Gure helburua hitzaldi eta erakustaldiokin bihotza ukitu, sorpresa bat edo beste eman eta herritarrei enbidoa botatzea da herrian egon daitezkeen bestelako arrastoak bilatzeko. Horrela lokalizatu dugu berriki beste pilota-soro bat Artikutzan".

Erakustaldia, 19:30ean

Gaurko, barikua, eskuzko pasaka erakustaldia iragarri dute udal pilotalekuan. Pasaka XIII. mendean jokatzen zuten Nafarroako erregeek, eta XVII. mendean demokratizatu zen herriz herri udaletxeak eraikitzen hasi zirenean.

Bi bikotek jokatuko dute, eskuz, 125 gramoko pilotarekin. Bi eremu izango dituzte eta tartean sarea, lurretik 1,20 metrora. 13 jokotara jokatzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak