Zer dela-eta joan zara AEBetara?
Nire lehengusinak animatu ninduen. Esperientzia kontatu zidanean ez nuen bi aldiz pentsatu. Momentu onean joan naizela uste dut… Batez ere, hizkuntzarengatik eta kirolarengatik joan nintzen. Ingelesa oso garrantzitsua dela uste dut, eta saskibaloia gustuko dudanez, ba…
Familia batekin egon zara ikasle truke bidez; nola topatu dituzu familia, unibertsitatea…?
Nacel izeneko enpresa batekin hitz egin genuen lehenengo. Ordaindu ostean, AEBetako familia batekin harremanetan jartzen da enpresa, bizitoki bat topatzeko. Familia lotu ostean, familia bizi den eremuko eskola bat topatzen dizu familiak berak.
Ez duzu beldurrik izan?
Momentuan oso motibatuta nengoen, eta beldurrik batere ez. Hori bai, urte luze batez han egon behar nuela pentsatuta, larritu egin nintzen, baina berehala pasatu zitzaidan.
Zer ikasi duzu han?
Batxilergoko lehen ikasturtea egin dut han. Nacel enpresak hemengo ikasgaiekin baliozkotu ahal diren ikasgaiak zeintzuk diren esaten dizu. Horiek aukeratu behar dituzu lehenik; gero, bueltatzen zarenean, urte bat ez errepikatzeko. Ondoren, hautazko ikasgaiak daude, eta nahi dituzunak aukera ditzakezu.
Nolakoa izan da esperientzia? Lagunak, familia, hizkuntza…
Gomendagarria da. Gainera, lagunak egitea oso erraza da, jendea zuregana hurbiltzen da, oso zabalak dira. Hori bai, zuk ere irekia izan behar duzu… Hizkuntzari dagokionez, ingeles maila pixka batekin joan nintzen hara, eta asko ikasi dut. Familia, berriz, niri tokatu zitzaidanarekin suertea izan dut, nahiko europarrak zirelako. AEBetan, aurrez prestatutako jakiak hartzen dituzte familia askotan; AEBetako nire amak, baina, etxean prestatzen zuen janaria; ondo, gainera. Familia bikaina izan dut, batez ere gurasoak, baina nire adineko anaia bat izateak asko lagundu dit.
Zein desberdintasun dago Euskal Herriko eta AEBetako heziketaren artean?
AEBetako ikasketak dibertigarriagoak dira. Eguneroko lana gogorragoa da, baina azterketak gainditzea errazagoa egiten da. Hemengo heziketa moduari buelta bat eman beharko liokete.
Gogorra da urte batez etxetik kanpora egotea?
Egia esan, ez, oso ondo egon naiz han. Lagun asko egin nituen eta nire familia [Elgetakoa] etorri zen bisitan astebetez.
AEBetako ikasketek lotura handia dute afizioekin. Hala da?
Bai, zaletasunak ikasketekin lotu ditut AEBetan, eta asmo horrekin joan nintzen. Unibertsitatea ordain dezakezu zure zaletasunean ona bazara...
Saskibaloia oso gustuko duzu; jokatu eta entrenatu egiten duzu?
Bergarako Soraluze BKE saskibaloi taldean ibili naiz junior mailan, baina orain, senior kategoriako bigarren mailan nabil. Horrez gain, Elgetan gaztetxoendako saskibaloi eskolak ematen egon nahiz bi urtez. Datorren urtean Bilbora joango naiz, seguruenik, eta taldez aldatu beharko dut han entrenatzeko.
Ingeles maila handiarekin bueltatuko zinen. Ezer egin nahi duzu ikasitakoarekin?
Hemen ematen dugun ingeles maila baino hobearekin bueltatu naiz. Orain, errazagoak egiten zaizkit hemengo eskolak. Advance maila egin nahi dut orain, eta praktikatzen segitu. Izan ere, etorkizunean AEBetara bueltatu nahi dut, behintzat, hilabetez bisita egitera…
----------
Pertsonala
Zure herriko txoko maiteena: Kantxa.
Musika talde bat: Timeflief.
Saskibaloi talde gustukoena: GBC Gipuzkoa Basket.
Bidaia gustukoena: Karibera egin genuen kruzeroa.
Amets bat: Saskibaloi jokalari profesionala izatea.
Irakurritako azken liburua: Pio Barojaren El árbol de la ciencia.
Momentu gogoangarri bat: Ameriketan jokatu nuen azken partidua.