Aldaketa oso gutxi ikasturte berrirako eskaintzen diren jardueretan

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko ira. 10a, 13:24

Lorea Larrañaga piano eskola ematen.

Zabalik da izena emateko epea; jarduera gehienak urrian ipiniko dira martxan.

 

Ikasturtean zehar zein jarduera egin nahi dugun erabakitzeko unea izan ohi da iraila. Kirol jarduerei dagokienean berrikuntza gutxi aurreikusten dira herritarrei aurkeztutako proposamenean. Mantendu egiten dira yoga, tai-txi, erretiratuendako gimnasia, mantentze-GAP eta spinning saioak. Umeendako, berriz, eskola kirola eta karate daude. Horrez gain aukera dago frontoia, sauna, squash pista edo gimnasioa erreserbatzeko. Interesatuek udaletxera jo behar dute, eta bertan eska daiteke hobarien gaineko informazioa ere. Unitate familiarraren 2013ko errenta aitorpena hartuko da kontuan hobariak aplikatzeko, eta zaintza zerbitzuan familia bereko ume kopurua.

Ludoteka eta gaztelekua

Astelehenean zabalduko ditu ateak ludoteka zerbitzuak. Zaintza eta ludoteka zerbitzua eskainiko ditu Udalak aurten ere. Haur hezkuntzatik aurrerako umeendako zerbitzua da, eta arduraduna Mireia Andreu izango da.
Gazteleku zerbitzuari dagokionean urritik aurrerako aste bukaeretan egongo da martxan, zapatuetan eta domeketan, 16:00etatik 20:00etara. Arduraduna Eider Gisasola izango da.

Musika eskolak

Lorea Larrañagak astelehenean abiarazi zuen ikasturte berria. Hizkuntza musikala, eta piano zein gitarra eskolak eskaintzen ditu astean zehar kultura etxeko musika gelan. Interesatuek 943 76 80 66 telefono zenbakira deitu behar dute.

Adolfo Jainagak, berriz, eguen arratsaldetan trikitixa eta pandero eskolak emango ditu Herri Eskolako ikasgeletan.Interesatuek 943 20 62 66 telefono zenbakira deitu behar dute.

Eskolaz kanpoko ingelesa

Maala guraso elkarteak ingeles eskolak antolatuko ditu, aurten ere. Irakaslea berdina izango da eta irailean antolatuko dira taldeak umeen adinaren eta mailaren arabera. Azken orduko izenematerik balego interesatuek elgetakogurasoelkartea@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar dute.

Biodantza

Mantendu egiten da, baita ere, biodantza saioen eskaintza. Iaz bost laguneko taldea sortu zen herrian, eta ikasturte osoan zehar burutu zuten jarduera. Mentxu Arjonilla irakaslearen esanetan, ordea, zortzi bat laguneko taldea sortu beharko litzateke ekintzak aurrera egiteko. Biodantza eguenetan egingo dute, 17:00etatik 18:00etara. Kontaktuak bi dira: 606 636 199 eta 626 661 292.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak