Elgetan martxan dute hiri-hondakinen bilketari buruz Udalak deituriko herri kontsulta. Kontsulta eguna domeka da, eta mahaia egongo da udaletxean 09:00etatik 20:00etara. Botoa emateko aukera dago, ordea, astelehenetik, eta herritarrak badihardute parte hartzen.
"Tantaka tantaka herritarrak etortzen ari dira, eta parte-hartzea, oraingoz —eguena 13:00etan—, %17,81ekoa da", adierazi du Oxel Erostarbe alkateak. "Etorri da baten bat etxekoen botoekin, baina hemen bakoitzak bere botoa eman behar du, eta gainera guretzako garrantzitsua da gai honen inguruan herritarren iritzia ezagutzea".
954 herritar daude botoa ematera deituak, eta talde politikoek emaitza errespetatzeko konpromisoa hartu dute parte hartzea, gutxienez, herenera iristen bada. "Espero dugu emaitza edukitzea domekakoa 21:00ak alderako. Herritarrek 09:0etatik 20:00etara botoa emateko aukera izango dute domekan, eta gero kontaketarekin hasiko ginateke".
Kontsultaren galdera
Herritarrei galdetzen zaiena da ados dauden Udaleko talde politikoek hondakinen bilketarako adostu duten sistemarekin. Sistema horrek bost edukiontzi aurreikusten ditu, horietatik hiru txiparekin —horia, organikoa eta errefusa—. Edukiontzi berdea desagertu egingo litzateke. Paperaren eta beiraren edukiontziek berdin jarraituko lukete.
Udaletxean gertu dituzte errolda, boto-paperak, gutun-azalak, botoa emateko ontzia eta botoa prestatzeko kabinatxoa. Gogoratu baiezkoa edo ezezkoa emateko gurutzea egin behar dela boto-paperean.
"Hasieratik pentsatu genuen erabakia herritarrekin batera hartzea. Argi dugu herritarren gehiengoa hondakinen sailkapenaren inguruko ohiturak aldatzearen aldekoa dela eta bide horretan orain aukera dute erabakian ere parte hartzeko".