Duela hiru urte izan zinen Elgetan. Nolakoak dira orduko oroitzapenak?
Oso onak, oso gustura egon nintzen. Magia erakustaldia egin nuen bi egunetan publikoak oso ondo hartu ninduen, eta oso pozik egon nintzen.
Ikuskizunen aurretik prestaketa berezirik egiten duzu?
Ez dut erritualik egiten. Beharrezkoak diren gauzak prestatzen ditut, eta une batez pentsatzen jartzen naiz, ikusleek eta nik elkarrekin tarte alai bat igaroko dugula. Helburua ez da txalo zaparradak jasotzea, tarte atsegin bat igarotzea baizik, ikusleak eta nik elkarrekin jai jostagarria sortzea.
Magia eta umorea tartekatzea garrantzitsua omen da.
Ikusleak barre egin ohi du, baina nik ez dut txisterik kontatzen. Emanaldian zehar ateratzen doazen jokoekin egiten dugu irri, ondo pasatzea da helburua.
Emanaldiak egituratzerako orduan, zer izaten duzu gogoan?
Ez dut egitura konkreturik jarraitzen, gustuko dut aldaketak egitea. Horretarako, biolin ikusezinaren kutxa jokoz beterik eramaten dut saio bakoitzera. Bost orduko saioa egiteko beste joko eramaten ditut emanaldietara, nahiz eta ordu bete inguru iraun. Ez dut programa zehatzik jarraitzen, gorputzak eskatzen didana egiten dut, momenturako eta ikuslearentzako egokienak diren jokoak ateratzen ditut.
Nola aurreikusten dituzu Elgetako emanaldiak?
Komunikazio jaialdi bezala, ikusleek eta nik elkarrekin amets egiteko jaialdia izando da. Guztion ametsak elkartuko diren saioa, non guztia posible izango den, norbaitek zerbait desagerrarazi nahi badu, desagerraraztea, edota gauzak tokiz aldatzea. Ikuskizun gozagarria izango da.; izan ere, tresna txikiekin egiten dut magia, adibidez, txanpon eta kartekin, eta holakoetan publikoa ez da ikusle soila, parte hartzailea ere bada. Niretzat ikuslearen parte hartzea oinarrizkoa da.
Zerk erakartzen zaitu gehien karta bidezko magiatik?
Bereziki, ikusleekin komunikatzea dut gustuko, eta horretarako kartak baliatzea oso erakargarria da. Izan ere, zuhaitzetik datozen 52 karta dira, guztiak desberdinak baina aldi berean multzo oso polita eratzen dutenak, eta askotariko erabilera dutenak. Ikuslea erakartzeko oso baliagarriak dira kartak, eta zenbat eta gertuago izan errazagoa da publikoarengan eragitea.
Magoen giltzarrietako bat berrikuntza etengabea da.
Bai, hala da. Nik egunero 6, 7 edo 8 ordu egiten ditut kartak eskuan ditudala, joko eta trikimailu berriak asmatzeko asmoz. Beti bururatzen zait zerbait, amets txiki berriak sortzen nago etengabe.
Egoera oparoa bizi al du magiaren munduak egun?
Bai, oso egoera ona da. Mago gazte asko daude, eta askotariko arloak lantzen dituztenak, esaterako, ilusio handiak edo telebista bidezko magia. Duela 20 edo 30 urtetatik hona magiarekiko interesa hazten joan da, eta asko dira ikasi nahi dutenak. Ilusioz eta gogoz dauden gazte asko daude. Nire lana horiei erakustea da, munduan zehar ibiltzen naiz hitzaldiak eta ikastaroak eskaintzen; azkena Japonen egin dut.
Nolakoak dira magoen bilerak?
Oso dibertigarriak dira, asko gozatzen dugu. Oso interesgarriak izaten dira bilerak. Horrelakoetan ez da begiratzen adina edota jatorria, komunean dugun pasioa eta afizioa soilik. Elkarri trikimailu berrienak erakusten dizkiogu, eta aspaldian liluratu gabeko magoak harritzea oso pozgarria da. Mago baten ilusiorik handiena ikusleak harritzea da.