Atzo, martitzena, aurkeztu zuten Elgetan Baratze Parke Sarea. Kutxa Ekogunearen egitasmoa da, eta Gipuzkoan, egun, zortzi baratzak osatzen dute sare hori. Donostian, Lezon, Errenterian, Hernanin... daude kokatuta. "Udaletxetik prest gaude apostu hori egiteko, baina jakin nahi dugu zenbat herritar dauden prest bidelagun izatera", esan du Oxel Erostarbe alkateak.
Baratza-zaintza ekologikoa
Kutxa Ekoguneko Landa Garapenaren teknikari Amalia Virtok azaldu zuen baratzekideei partzela txiki bat eskaintzen zaiela: "Etxerako adina barazki ateratzeko", zehaztu zuen. Baratza-zaintzak ekologikoa behar du, eta azpiegitura guztiak amankomunak dira. Hau da, taldean erabiltzekoak: bai ura hartzeko lekua, bai arropa aldatzeko lekua, bai materiala gordetzeko lekua...
"Azken urteotan hainbat herritar etorri dira udaletxera ortua edukitzeko interesa dutela esatera", jakinarazi du Erostarbek. "Udal lur publikoak ez dira asko. Horregatik zerbait egituratuagoa egitea da gure asmoa. Ekoparkeen bitartez Ekoguneak aukera emango liguke eskaera horri erantzuna emateko".
Elgeta Zero Zabor taldeko kideak ere izan ziren atzoko aurkezpen ekitaldian, eta diote baratze komunitario horiek nekazaritza ekologikoa sustatu eta herrian sortzen ari den konpostari irtenbide egokia emango diotela, bertako eta garaiko barazkiak ekoiztuz.
Interesatuak
Proiektua aproposa da lurrik ez, baina baratza egiteko gogoa eta interesa duten herritarrendako. Udalak epe bat zabaldu du orain interesaturik dagoen ikusteko. Ez dago ezer erabakita baratze horien kokapenari buruz."Garatzea gura genukeena da talde moduan funtzionatuko lukeen baratze parke bat", azaldu du Erostarbek. "Orain ikusi behar duguna da zenbat herritarrek nahi duten baratze parke publiko horretan parte hartu diseinua eta ekogunea eurekin batera egiteko".