Ekainaren 22an egingo dute Elgetan hondakinen kudeaketaren gaineko herri kontsulta. Hilabete eskas gelditzen den honetan botoa emateko zabaldu dituen aukera ezberdinen berri eman du Udalak. Jakinarazi dute errolda ikusgai dagoela udaletxean, eta 954 lagun daudela kontsultan parte hartzera deituak.
Kontsultaren bitartez herritarrek ze bilketa sistema lehenesten duten jakin gura du Udalak, eta galdera zehatza honakoa da: "Udaletxean adostu den hondakinen bilketa sistemarekin ados zaude?".
Parte hartzeko hiru bide
Herritarrek hiru bide dituzte kontsultan parte hartzeko. Lehenengoa, kontsulta egunean, —ekainak 22— 09:00etatik 20:00etara udaletxean egongo den mahaian botoa emanez.
Bigarrena, aurreko astean —ekainaren 16tik 20ra— bulego orduetan udaletxera gerturatu eta botoa emanez.
Hirugarren bidea da botoa aurrez emateko aukera eskatzea. Interesatuek eskaera egin behar dute udaletxean, eta dagoeneko zabalik dago epea. Maiatzaren 19an zabaldu zuten eta ekainaren 11a izango da azken eguna.
Udaletxeko talde politikoek kontsultaren emaitza errespetatzeko konpromisoa hartu dute parte hartzea, gutxienez, erroldaren herena bada.