Enrike Astolak laster utziko ditu artzain lanak; udazkenean herrira dator bizi izatera

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko mai. 20a, 11:38

Elgetako azken artzaina da; auzunea hutsik gelditzeaz gain ofizio bat desagertzen da Elgetan.

82 urte egingo ditu aurten Enrike Astola elgetarrak. Beizu baserriko semea, aldamenean dagoen Azula baserrian egin ditu azken 33 urteak, beti artzain lanetan. Oraindik ere 18 ardiko artaldea gobernatzen du. "Aita ere artzaina zen, baina etxeko tailerrean ere egiten zuen lan; armagintzan. Nik ere ikasi nuen ofizioa, baina barruan egote hori... preso sentitzen nintzen. Tailerreko lanak amaitu eta ardietara ateratzea tokatzen zenean kaiolatik irteten den txoria moduan sentitzen nintzen ni", azaltzen du Astolak.

Udazkenean, ordea, bizimodu berria hasiko du. Artzain lanak utzi, eta herrira jaitsiko da bizi izatera. Argi eta garbi, adinak bultzatutako erabakia da: "Gazteagoa banintz ez nuke hemendik alde egingo, baina urte asko dauzkat eta urteek erabaki dute", dio. Pixkanaka hartzen dira horrelako erabakiak. "Pena beti hartzen da, baina lagata daukat esperantza eta pena gutxiago hartuko dut orain lehenago joan beharra izan banu baino".

Elgetako azken artzaina

Enrike Astolaren erretiroarekin ofizio bat desagertzen da Elgetan, eta ez hori bakarrik: Azula auzuneak bere azken biztanlea ere galtzen du.

Elgetatik lau kilometrotara dago Azula baserria. Armarri eta guzti, 450 urte dituen baserria da, baina nahiko hondatuta dago. Paraje zoragarrian kokatuta, bista ikusgarriak daude Ubera aldera.Astolak ondo baino hobeto ezagutzen dituen belardiak ikus daitezke bertatik. "Gehienetan ibilia nago. Sasoi batean 150 ardi nituen, eta lan gogorra izaten nuen Gabonetatik San Joanetara bitartean. Bakarrik nintzen eta 06:00etatik gauerdira bitartean luzatzen zen nire lan jarduna. Ardiak gobernatu, jaitsi, gaztak egin... hilabete gogorrak ziren, baina beste sasoi bat nuen".

Gaur egun Astolak ezin du gaztarik saldu. Bere kontsumorako eta senitartekoen eta lagunen artean oparitzeko egiten ditu. "Lehen bazeuden nirea baino artalde handiagoak Elgetan, eta orain ere egongo dira, baina bazterrak garbitzeko ditu jendeak ardiak", azaltzen du. Bizimodu berrira egokituko den galdetuta irribarre batekin erantzun digu: "Pentsatzen dut baietz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak