Guaka: "Maputxeen arazoa etnikoa zen hasieran; orain ekologikoa ere bada"

Usoa Agirre 2014ko mai. 19a, 10:03
Guaka taldeko kideak Elgetan.
Herri maputxearen aldeko kontzertua egin zuten, barikuan, Elgetako gaztetxean.

Guaka rock taldea Bordelen (Frantzia) sortu zen, baina jatorri hegoamerikarra duten lau kidek osatzen dute: bi dira txiletarrak, bat frantziar-txiletarra eta bestea venezuelarra. Herri maputxea beraien sustraiak direla aldarrikatzen dute eta, horregatik, musikaren bidez saiatzen dira herri horrek bizi duen egoera latzaren berri munduan zehar ematen, baita diruz laguntzen ere. Izan ere, konpromisoa hartua dute kontzertuekin irabazten dutenaren erdia preso politiko maputxeei eta haien familiei laguntzera bideratzeko. Eta horixe izan zen Elgetako kontzertuaren asmoa ere. Dagoeneko hirugarren aldia da Elgetan jotzen dutena.

Arazo ekologikoa gehitu da

Herri maputxean orain bi arazo daudela azaldu digute: "Gobernuak ikusi du maputxeei lurrak kentzea ezinezkoa dela; beraz, lur horiek kutsatzea erabaki du, bide batez beraiek ere dirua eginez industria kutsagarri horietatik. Izugarria da, orain bi hondamendi daude: hasieran arazoa etnikoa eta arraza artekoa bazen, orain ekologikoa ere bihurtu da", esan digu Mauro Ceballos bateria-joleak.
Euskal Herrian indigenen egoera ondo ulertzen dela esan digute, eta horregatik gustuko dutela hona etortzea.

"Rock sudaka"

Sustrai hegoamerikarrak ez dituzte ahazten, eta, hori aldarrikatzeko, "rock sudaka" moduan bataiatu dute beraien rock musika. Alde batetik sudaka hitzak duen esanahi negatiboarekiko jarrera lotsagabe bat da eta, bestalde, egiten duten rockak sustrai hegoamerikarra duela esateko: "Mexikotik Txilera artean dagoen folklorea gehitu diogu rockari", azaldu digu Igor Quezada abeslariak.

Herri indigenekiko aktibistak izateaz gain, musikaren industria eraldatzeko pausoak ere eman dituzte. Taldearen hiru diskoak webgunean dituzte doan deskargatzeko moduan, eta uztailean grabatzen hasiko diren disko berrirako dirua crowdfunding bidez finantzatu dute. Informazio gehiago: www.guaka.fr.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak