Wi-fi gune librea da Elgetako plaza

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko mar. 24a, 11:19
Elgetako herriko plazan wi-fi konexio bitartez nabigatzen.
Guifi.net-en bitartez jarri dute; helburua, orain, herrian Internet zerbitzu merkea eta librea zabaltzea da.

Urtebete pasatxo da Elgetako Udalaren ekimenez eta informazio batzar ireki batean GipuzkoaShare-ko Iker eta Asier Garaialdek Guifi.net egitasmoaren berri eman zutela. "Telekomunikazio sareak operadore handien esku daude. Ezin ditugu gure telekomunikazioak enpresa pribatuen esku utzi", esan zuten. Udalbatzak oniritzia eman zion 7.260 euroko aurrekontua zuen egitasmoari —Aldundiaren 4.966 euroko ekarpenarekin—, eta gaur egun wi-fi gune librea da Elgetako herriko plaza. Ideia da, oinarrian, Internet konexio bakarra kontratatzea, eta herritar guztiekin partekatzea. Nodo edo errepikatzaile bitartez zabaltzen da seinalea herrian.

Herriko plazan wi-fi librea jartzea lehenengo pausoa besterik ez da, izan ere, asmoa da sarea lehenengo eta behin herri osora zabaltzea, eta hortik aurrera, Gipuzkoa mailakoarekin zein Euskal Herri mailakoarekin konektatzea.

Herritarrek sumatu duten lehen abantaila plazako wi-fi librea da. "Kultura etxean dagoen adsl-tik dago hartua seinalea", azaldu du instalazioa egiten diharduen Asier Garaialdek. "Momentu honetan, abiadura ez da oso azkarra, baina lortzen badugu Elgeta Bergararekin lotzea, orduan, Euskaltelen konexioa ekarriko genuke herrira, eta horrek abiadura askoz ere azkarragoa esan nahi du".

Bigarren abantaila da Internet zerbitzua herri osora zabal daitekeela. "Aurretik ez zegoen lekuetara eraman daiteke, eta erabiltzaileei prezio sozial batean eskaini". Hori bai, seinalea ondo hartzeko eraikin bakoitzak 350 euro inguruko kostua duten lanak egin behar ditu teilatuan.

Guifi.net sarea

Hirugarren abantaila da erabiltzaileen arteko Guifi.net sarea. "Sare librea eta irekia da, eta Internet erabili gabe Internet bitartez egin daitezkeen gauza gehienak egin daitezke —streaming-ak, informazioa partekatu, fitxategiak trukatu, IP bidezko telefonia...—, beti ere, sarea osatzen duten erabiltzaile horien artean", azaltzen du Garaialdek. "Egon daiteke jendea Internet zerbitzua interesatzen ez zaiona, baina Guifi.net sarearen bitartez lor dezakeena bere ingurukoekin konektatuta egotea".

Hasiera batean Elgetara mugatuko da sare hori, baina "etorkizun oso labur baten" Bergararekin eta Debagoiena osoarekin egin gura dute konexioa, eta hortik Euskal Herri osoarekin. Garaialdek azaldu du lanean dihardutela Eskoriatzan, Oñatin, Bergaran... eta Goierrin lortu duten hedapen maila azpimarratu du. "Gaur egun, Abaltzisketako erabiltzaile batek lor dezake Tolosako beste batek duen abiadura, eta elkar konektatuta daude. Helburua da Elgeta ere lehenbailehen inguruko herriekin konektatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak