Zerk animatu zintuen Eibarko dantza taldean izena ematera?
Niri txikitatik gustatu zait dantza egitea, baina esan beharra daukat telebistako Fama programa hasi zenean interesatu nintzela gehienbat dantzaren munduarekin.
Hasiera batetik nahi zenuen dantza garaikidea egin?
Estilo desberdinak dantzatzea zen nire helburua, eta Eibarko taldea gehienbat dantza garaikidean oinarritzen den arren, beste dantza estilo batzuk ere egiten ditugu: funka eta hip-hopa, esaterako.
Esfortzu handia da zuretzat dantza taldean egotea?
Ez, oraingoz ez. Azken finean, gustatzen zaidan zerbait denez, ahalik eta dantza gehien egiteko denbora bila nabil beti. Egia esanda, gehiagotan egitea gustatuko litzaidake.
Nola sentitzen zara dantzan zaudenean?
Dantzan nagoenean bakea sentitzen dut, lasaitasun osoa. Dantza egiten hasten naizenean pauso bat bestearen atzetik irteten zait, eta benetan gustura nagoen momentua da. Pertsona bakoitzak pozik egoteko bere modua dauka, eta nirea dantza egitea da.
Dantza egiteko fisikoki sasoi onean egon beharra dago. Nola entrenatzen zara zure egunerokoan?
Egia da ezin diogula gorputza zaintzeari utzi, baina nik oraindik ez dut dantza modu hain profesionalean hartzen. Horrenbestez, ez dut entrenamendu edota dieta berezirik eraman behar. Hala ere, nire gorputza eta elikadura zaintzen saiatzen naiz, noski.
Con los pies en las nubes musikalean hartu zenuen parte Durangoko talde batekin.
Bai, hala da. Musikalean, dantzari izan nahi zuen neskatila baten istorioa kontatzen zen eta nik dantzari baten papera egin nuen. Oso esperientzia ona izan zen eta arrakasta handia izan zuen; lehenengo ekitaldietan sarrera guztiak saldu genituen.
Sariren bat ere jaso duzu...
Bai. Orain dela hiruzpalau urte, Bilboko Bilbofit lehiaketara aurkeztu nintzen Eibarko taldearekin, eta talde bezala ezer irabazi ez genuen arren, indibidualki dantzari mutil onenaren saria eman zidaten.
Berdin baloratzen dira dantza garaikidea eta bestelako kirolak?
Ez dut uste. Azken finean, dantza ez da futbola bezain hedatua dagoen kirol bat, adibidez, eta ez du horrenbeste jende mugitzen. Horrenbestez, ez zaio horrenbesteko garrantzirik ematen eta ez da horrenbeste diru mugitzen bertan.
Nahiko lan egiten dute bailarako instituzioek kirol mota hau bultzatzen laguntzeko?
Dantzarekin harremana duten ekitaldi gehiago egon beharko lirateke, eta, horretaz gain, publizitate handiagoa egin beharko lukete honi buruz; bestela, jendea ez da-eta hurbilduko.
Normalean ere neska gehiago animatzen dira dantza taldeetan izena ematera. Zergatik izan daiteke hori?
Txikitatik beti esan digute abestea, dantzatzea edota panpinekin jolastea nesken kontua dela, eta futbola edo saskibaloia mutilei dagokiela. Hain barneratua daukagu hori, askotan zaila egiten zaigu aldatzea. Horretaz gain, nik uste dut mutil asko ez direla ausartzen dantza egitera lotsagatik, besteek zer esango duten beldur direlako.
Badakizu zer egingo duzun batxilergoa bukatzerakoan?
Zer ikasiko dudan ez dakit, baina Biologia, Medikuntza, Fisioterapia edo horrelako karreraren batekin zerikusia daukan zerbait izango da, ziurrenik. Edozelan ere, nik argi daukat bizitza osoan dantza egin nahi dudala. Ahal bada, modu profesionalean, eta bestela, denbora-pasa bada ere, dantzan jarraituko dut.