Elgetako Udalak egunotan aplikatu du 2013. urteari dagokion hondakinen tasaren hobaria. Onuradunak 2013ko ekainera arte autokonposta egiten ziharduten herritarrak izan dira; guztira 41 familia. Diru itzulketa egin du Udalak. Lehenengo aldia da konposta egiten duten elgetarrei agindutako hobariak aplikatzen zaizkiela.
2014an zer
"2014ko hobariari begira, ekainean eta uztailean errebisatu egingo ditugu konpostatzen diharduten lagunen konpostagailuak. Auzokonpost-guneak ere errebisatuko ditugu", adierazi dute udaletxetik.
Ikastaroa eguaztenean
"Zalantzan dauden elgetarrak konpostatzaile izateko pausua ematera animatu gura ditugu", adierazi dute. Hala, eguaztenean, hilak 19, egingo dute hurrengo ikastaroa, 19:00etan. Parte hartu gura dutenek astelehena aurretik eman behar dute izena udaletxean.Udal arduradunek gogoratzen dute etxean sortzen duten hondakin organikoa kudeatzen duten elgetarrek %25eko hobaria izango dutela hondakinen tasan.