Balorazio positiboa egin dute bai Xabi Akixuk bai Elgetako Nekazaritza kooperatibako kideek. Fruta-arbolen zainketari buruzko argibideak eman zituen kultura etxean nekazaritza ingeniari arrasatearrak, eta gela txiki gelditu zen 30 bat baserritar hurbildu baitziren adituaren azalpenak entzutera.
Akixuk ez zuen hitzaldietan ohikoa den formatua erabili. Baserritarrei eskatu zien zituzten kezkak eta galderak hasieratik planteatzeko. Galdera guztiekin zerrenda egin zuen arbelean, eta banan-banan erantzun zituen guztiak. Bi ordu pasatxoko saioa izan zen.
Kezka nagusiak
Sagarrondoarekin lotutako galderak izan ziren gehienak. Landareen artean zenbateko tartea utzi behar den, zuhaitzari ze forma eta forma hori nola eman behar zaion, espeziearen arabera inausketa noiz egitea komeni den, gaitzen aurrean ze tratamendu erabil daitekeen, tratamendu ekologikoak zeintzuk diren, karea erabiltzea komenigarria den... herriko baserritarrek galdera asko egin zituzten, eta erantzuna eman zien Akixuk.
Argi dago gaiak interesa pizten duela, eta adituen azalpenak entzuteko interesa badagoela baserritarren partetik.