Nondik datorkizu Irei goitizena?
Aita zenaren baserriaren izena da Irei. Eibarren dago. Bi anaioi gelditu zaigu goitizena.
Arotza zara lanbidez?
Egurrarekin lan egindakoa naiz, baita soldatzaile, galdaragile... eraikuntzan ere ibilitakoa naiz. Badakizu, pobre seguro! Horrelaxe tokatu zait bizitzan, eta zer egingo diogu, ba!
Festazalea ere bazara. Zezenketarekin akordatzen naiz.
Lehenengo aldiz egin zenean antolatzaile lanetan ibili ginen. Gero, 25. urteurrena zela-eta berriz egin genuen. Gustura ibiltzen naiz horrelakoetan!
Iaz lehen aldiz egindako errekreazioan errekete joan zinen. Gustura ibili zinen?
Oso esperientzia ona izan zen. Errekete joatea erabaki genuen, lehendik baikara gu abertzaleak! [Barre]. Eta iaz, txarrena, eguraldia izan zen. Entsegu egunean elurra ziharduen, eta hotz handia zegoen. Botatzarrekin joan arren, hankak busti-busti eginda itzuli ginen. Baina aurten ere badut parte hartzeko asmoa.
Elgeta herri bizia da?
Bai. Kuadrillak elkartzen dira horrelakoetarako. Akordatzen naiz nola sasoi batean musika jaialdiak oso modan zeuden. Benito Lertxundi, Xabier Lete... eta otu zitzaigun horrelako bat egitea agertokia Asentzioko putzu erdian ipinita. 200 litroko bidoiak erabili genituen, baina, azkenean, eguraldi txarra egin zuen eta frontoira ekarri behar izan genuen jaialdia.
Makina bat anekdota izango duzue, orduan, kontatzeko ?
Beste bat, goitibehera lasterketak. Asentzion behera joaten ginen. Bergarako kuartelera joan ginen baimena eskatzera, eta irteerak-eta emateko basurde ehiztariei eskatzen genizkien walkie-talkieak. 16 bat urte izango nituen.
Auzolanean antolatzen zenituzten horrelakoak?
Lan handia egiten zen. Behin, 45.000 pezetako benefizioa izan genuen. Afaria egitea pentsatu genuen, baina gero erabaki genuen hesiak erostea. Alokatu egiten genituen urtero, eta erostearekin gastu finko bat kendu genuen urteroko aurrekontutik.
[Irribarre] Akordatzen naiz, beste behin, arkume bat genuela saritan emateko. Arrota baserrian geneukan basoan lotuta. Ez zen, ba, desagertu arkumea! Pentsatu genuen baten batek harrapatu zuela. Beste bat erosi behar izan genuen eta gero... hara non agertu zen hasierakoa! Orduan bai, afaria egin genuen! Akordatzen naiz Ozkarbixan egin genuela.
Urteotan asko aldatu dira gauzak Elgetan?
Bai. Gaur egungo umeek ere beste modu batera egiten dute jolasean. Aurreko egun batean bolatokian lanean nenbilela kalderoia eta txirikila agertu ziren. Lankide gazteak —40 bat urte izango ditu— ez zekien zer ziren. Eta horren harira akordatu nintzen gu txikitan txirrinboliakin ibiltzen ginela, metalezko aro bat alanbre batekin bultza egiten genuena. Ez dakit zeinendako, baina halako bat egin behar dudala sartu zait buruan. Eta egingo dut! Umeren bati oparituko diot gero. Ea zer egiten duen.
Elgetako ze tributakoa zara zu, Realekoa ala Athleticekoa?
Ez naiz futbolzalea, baina Athleticekoa. Kuadrillan gehienak Realekoak dira, baina, zirikatutakoan haserretzen ez naizenez, aspaldian bakean uzten naute.
Denbora luzea ematen duzu etxe azpiko tailerrean?
Bai. Bi urte egon naiz langabezian eta hementxe eman dut denbora. Beti dago zereginen bat, eta, bestela, bilatu egin behar da!
Frontoi aurrean dauden eserlekuak zuk egindakoak dira.
Etxerako egin nituen bi. Gustatu eta Udalak gehiago egiteko eskatu zidan. Frontoiaren aurreko aldean daude. Botatako eraikinetik jasotako bederatzi metroko habeekin egindakoak dira. Egur ona da, haritza. Eraikinak ehun urte bazituen atera kontuak zuhaitzak zenbat izango zituen!