Bide ertzetik, musikaren aterpera

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko ots. 8a, 13:09

Atzo, egubakoitza, Bide Ertzean taldeak 77 diskoa aurkeztu zuen Elgetako Espaloian. 77an Franco hil ondoren Euskal Herrian piztutako itxaropenari baina baita trantsizio hartan izan ziren biktimen oroimenari ere abestu zieten, eta ordubete pasatxoko kontzertua eskaini zuten. Ondoren, Balerdi Balerdi taldeak Pettirekin batera jo zuen.

Bide Ertzean taldekoak agertokira igo eta 77 izeneko azken diskoko lehen kantua jotzen hasi ziren: Harriak hegan. Antzokiko argiak gehitu eta lehen kantua amaitzearekin bat hasi ziren bertaratutakoen txaloak.

Tolosako taldeak kantuen bitartez dituzten kezkak transmititu zituen. 77an Franco hil ondoren Euskal Herrian piztutako itxaropenari baina baita trantsizio hartan izan ziren biktimen oroimenari ere abestu zieten.

Esaterako, euren azken laneko Araneko iturrian kantuan Ubeda anaien osaba Sebastian Goikoetxea hil zuteneko unea ekarri zuten gogora; oholtzaren atzeko aldean osabaren argazki bat proiektatu zuten orduan. Beraien adinekoek garai hartan erregistroan izena gaztelaniaz izan behar zutela ere salatu zuten Izena kantuarekin eta atzean euren txikitako argazki bat ikusi ahal izan zen kantu horretan. Egunen batean izeneko kantua, Sustraiak zainen ordez, Zenbat aldiz... horiek guztiak ere entzun ahal izan ziren eta kantu bakoitzarekin erlazionatutako irudiak proiektatzen zituzten bitartean. Atzera begira ere jarri ziren eta 2000. urteko Grisa diskoko kanturen batzuk ere jo zituen hirukoteak, besteak beste.


Elgetarrez gain, Arrasate, Eskoriatza edo Eibarko jendea ere bertaratu zen kontzertura eta jendea pixkanaka-pixkanaka animatzen joan zen. Taldeak ere abesti lasaiagoetatik doinu gogorragoetara egin zuen kontzertuak aurrera egiten zuen heinean. Espaloiak egin dituen 10 urteak ere eskertu zituzten eta "ea luzaroan musikarien aterpe izaten jarraitzen duen", azaldu zuen Imanol Ubeda taldekideak.


Amaitzeko, Jaun andreok bihar arte kantua eskaini zuten eta publikoak "beste bat" eskatu ostean, Bukaera taldeak bere garaian egindako Mikel Laboaren kantu baten moldaketa jo zuten. Ordubete pasatxoko kontzertuaren ostean, Balerdi Balerdi taldeak hartu zuen agertokiko lekukoa.

Balerdi Balerdi, Pettirekin batera

Azkenekoz duela urte eta erdi izan ziren Balerdi Balerdi taldekoak Espaloian, eta egubakoitzean, Bide Ertzeanen ondoren, beraiek igo ziren oholtzara, baina hori bai, azkenekoz Espaloian egon zirenetik taldea hazi egin da; Pettik beraiekin batera jo zuen. Taldearen abesti zaharrak entzun ahal izan ziren, esaterako, Bertan Goxo, Zauria, Beti Gazte edota Philosophia kantua ere berreskuratu zuten Elgetako kontzertuan. Talde iruindarraren lehen abestia izan zen Hautsaren dantza ere jo zuten eta baita Pettiren pare bat abesti ere. Nabaria izan zen Balerdi Balerdi taldekoen eta Pettiren arteko feeling-a emanaldian.

Ordorikaren bertsio bat

Balerdi Balerdikoek euren emanaldia eskaini ostean, Bide Ertzean taldeko Imanol Ubeda igo zen taula gainera eta guztiek batera, Iruñako kontzertu batean egin zuten bezala, Zeruan izeneko kantua jo zuten. Bide Ertzeanekoak lagunak dituzte Balerdi Balerdikoek eta garai batean euren Zeruan kantu horren bertsioa egin zuten tolosarrek eta horixe eskaini zuten guztiek batera Espaloian. Horren ostean, Ruper Ordorika oñatiarraren Ene begiek kantuaren bertsio bat ere jo zuten batera. Kontzertuak gaueko 1:30ak inguruan amaitu ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak