Bilboko kafe antzokira joan zale ziren orain 15 urte. Bilbon zen posible horrelako bat... Eta gero Ondarroan zabaldu behar zutela... "Zabaldu zuten egunean bertan joan ginen Ondarroakora Patxi Basauri, Oxel Erostarbe eta hirurok", gogoratzen du Goibeko euskara elkarteko presidente Iban Arantzabalek. Bada, Elgetarako proiektua idatzi, Udalean aurkeztu eta laster hamar urte beteko dira Goibeko euskara elkartekoek Espaloiaren kudeaketan dihardutela. Urtemuga garrantzitsua izango da; ospatuko duten bakarra. Baina horrekin batera, eta urtarrileko batzar orokorrean bazkideei jakinarazi moduan, erretiroa hartzea erabaki du talde kudeatzaileak.
Balorazio positiboa
Egindakoaz balorazio positiboa egin dute Goibekoko talde eragiletik. Diote kafe antzokiak mugimendua ekarri duela, eta proiektu autokudeatua eta independentea izan dela. "Laguntzak jaso ditugu —Eusko Jaurlaritzako Zuzen Zuzenean ekimenetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturatik, Udaletik...—, baina gure politika markatu dugu. Astero batzen gara eta daukagunaren arabera egin dugu programazioa. Gura duguna antolatu dugu, eta herriko hainbatek parte hartu dute horretan: David Peñalver, Patxi Montero, Lorea Larrañaga...".
Buruhausteak ere egon direla onartzen dute, baina moldatu direla diote: "Emandako pozek estaltzeko modukoak izan dira denak".
Erresistentziak
"Kultura izan da gure jarduna eta euskara gure ardatza", diote Goibekotik. Horrekin lotuta, eta euskaraz gehiago programa zitekeela iritzita bada herrian kritiko agertzen denik. Hasierako urteetan ere egon ziren proiektuarekiko erresistentziak herrian bertan. "Kartelen bat ere badut gogoan proiektua zalantzan jartzen", dio Arantzabalek. "Gaur egun ez dago horrelakorik. Itsuren bat-edo, baina gutxiengoa".
Panorama berria
Elgetako Udalak lehiaketa publikoa deituko du laster kafe antzokiaren esleipen berria egiteko, eta badirudi ekainetik aurrera beste Espaloi bat ikusiko dugula. "Beti dago ondo haize freskoa eta etorri behar du jende berriak", dio Arantzabalek. "Ekintzara pasatzeko garaia da, inplikatzekoa. Espaloia ikasleku eta gozaleku izan da, eta horrela izatea espero dut ekainetik aurrera ere".
Goibeko elkartean ere aro berria zabaltzen da: "Hamar urtean antzokira begira jarri ditugu indar guztiak, eta birbideratu beharko dugu auzolanean lan egiten duten horien jarduna. Egungo lantaldea ez da geldi egotekoa eta topatuko ditu bideak norbere zilborretik haratagoko lanak egiteko. Zer? Batek jakin!".