Luis Piedrahita: "Merezitako errespeturik jasotzen ez duten izaki txikien gainean jardungo dut"

Mirari Altube Arrese 2014ko urt. 24a, 09:30

Luis Piedrahita.
Elgetako II. Monologo Mostraren barruan Luis Piedrahita (A Coruña, 1977) monologistaren saioak izango dira bihar (22:30) eta domekan (19:30), Espaloian. "Monólogos del rey de las cosas pequeñas" ikuskizuna dakar.

Barre egiteko ikuskizuna zalantza barik…
Bai, etxean pixa eginda etortzea aholkatzen dut, gorabehera lotsagarririk ez gertatzeko gero.

Zer kontatuko diguzu?
Merezitako errespeturik jasotzen ez duten izaki txiki guzti horien gainean jardungo dut.

Kontu txikien erregea deitzen dizute; zer dute kontu txikiek, bada?
Izugarrizko potentziala. Potentzialtasun gaiztoaren adibide bat da, Taj Mahal eraikinaren edertasuna gutxitu egiten dela oinetakoan harri koskor bat baduzu. Eta harri hori giltzurrunean baduzu, zeresanik ez! Eta orain potentzialtasun miresgarriaren adibide bat: guztia oker doa eta itoginak dituzu etxean eta bizitza gris batean harrapatuta zaude, eta bapatean, telefono mugikorrean dei bat; pantailan agertu den izenari begiratu eta guztia konpondu da. Kontu txikiak dira bizitza benetan handi egiten dutenak.

Eta kontu txiki horiek behar beste baloratzen ditugu?
Kontu handiek atentzioa ematen dute, urrundik ikusten direlako. Kontu txikiak, baina, gertuagotik ikusi behar dira eta gertukoak barrurago sartzen dira.

Elgeta herri txikia da, 1.100 biztanleren bueltan; halako herrietan jardun izan duzu?
Bai, horixe. Bi lagun egonez gero, bat berba egiteko eta bestea entzuteko, bakarrizketa eginda dago.

Zein da Luis Piedrahitaren sekretua publikoarekin bat egiteko?
Esanez gero ez da sekretua! Behar bada, sekretua da ez dagoela sekreturik. Ez dago ezkutuko mekanismorik, guztioi gertatzen zaizkigun kontuen gainean jardutea bakarrik.

Edozein konturekin egin daiteke barre?
Bai, baina talentua izanez gero. Umorea da bizitza orain arte azaldu ez dizuten eran kontatzea; arazoa da, kontu batzuk beste batzuk baino samurragoak direla azaltzeko. Holokaustoarekin egin daiteke umorea? Tonino Guerra –Amarcord filmeko gidoilaria– kontzentrazio zentro batean egon zen Alemanian, eta handik irtendakoan txiste ederra egin zuen: "Pozik, pozik… sarritan egon naiz pozik, gehien Alemanian askatu nindutenean; tximeleta bat ikusi eta jateko gogo barik begiratu nion". Anaiak elkar hiltzen diren gerraren gainean egin daiteke umorea? Gila bazara, bai. Umoristaren talentuaren baitan dago, bizitza ulertzeko eta azaltzeko duen ahalmenaren baitan.

Momentu gogorretan zer da hobe barre egitea edo negar?
Negar egitea barre egitea besteko beharrezkoa da. Benetan garrantzitsuena da zergatik egiten dugun barre eta zergatik negar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak