2012an Elgetako 52 familiak kudeatzen zuten euren hondakin organikoa. Iaz, 113 familia ziren. Kopuru horrek gora egiten jarraitzea gura du Udalak uste duelako hondakin organikoa kudeatzeko modurik eraginkorrena Elgetan bertan kudeatzea dela. "Etxean sortzen dugun hondakinaren %40 inguru hondakin organikoa da. Elgetarrak animatu gura ditugu konpostatzaile egitera", adierazi dute Egin konpostatzaile kanpainaren barruan.
Hobariak
"Hondakin hori Elgetan kudeatzen badugu ez dago garraiatu beharrik, ez dago tratatu beharriz, ez dago zabortegietan pilatu beharrik", eman dute jakitera. Honezkero 113 familia dira Elgetan hondakin organikoa kudeatzen dutenak: "Batzuk etxean edo ortuan jarri dute konpostagailua eta beste batzuk auzo-konpost- guneetan parte hartzen dihardute".
Hobariak ere iragarri ditu Udalak ekimenean parte hartzen duten herritarren artean: "Sortzen duten hondakin organikoa kudeatzen dutenek %25eko hobaria izango dute hondakinen tasan. Baserritarren kasuan,%50. Hondakin organikoa baserriko abereei jaten emateko erabiltzen dutenek ere hobaria eska dezakete".
Interesatuek otsailaren 17a baino lehen eman behar dute izena udaletxean.