Euskararen erabilera plana berritu du Elgetako Udalak

Larraitz Zeberio 2014ko urt. 15a, 13:05

Juan Ramon Irazabal udaletxeko harreran.
Oxel Erostarbe: "Egin beharreko hobekuntzak baditugu, baina UEMAren maila gorenean gaude".

Elgetako udalbatzak behin betiko onarpena eman dio euskararen erabilera normalizatzeko planaren bosgarren plangintzari. Uemako kide da Elgetako Udala, eta abendu amaieran hartutako erabakiarekin euskararen erabilera plana berritu du. Plangintza berriak 2017. urtera bitarteko helburuak zehazten ditu, eta helburu nagusia da Udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea, bai zerbitzu hizkuntza bai lan hizkuntza modura.

Aurretik egin diren plangintzek eragina izan dute. UEMAtik egindako jarraipenak horrela adierazten du Oxel Erostarbe alkateak aditzera eman duenez: "Oraindik baditugu egin beharreko hobekuntzak, baina Uemak lau taldetan banatzen ditu udaletxeak egoeraren arabera, eta gu gorenean gaude", adierazi du. Ana Gillegi euskara zinegotziak azpimarratu du onartutako plangintza barrura begirakoa dela; udaletxeko barruko funtzionamenduari eragingo diona, alegia.

Helburuetako batzuk

Onartutako txostenak zehazten dituen helburuen artean aurkitzen dira, esaterako, Udalak agerian jarriko dituela euskararen erabilera sustatzeko elementuak —Euskaraz hitz egin, Hemen euskaraz edo antzeko mezuak dituzten euskarriak—.

Horma-irudi eta mahai gaineko egutegiak euskaraz egongo dira, eta egoki ikusten den kasuetan piktogramak erabiltzea bultzatuko du Udalak. Webgunea euskaraz irekiko da, gutun-azalak, orriak, fax-azalak… euskaraz egongo dira, eta telefonoz eta aurrez aurrekoan lehenengo hitza euskaraz izango da. Udalak, bestalde, udal langileek euren artean euskaraz hitz egin dezaten sustatuko du.

Euskararen baldintza sartuko da zerbitzu enpresa berriekin, hornitzailekin… kontratuak sinatzerakoan, eta iragarki, publizite eta Udalak egiten dituen kanpainetan hizkuntza irizpidea finkatuko da. Euskararen erabilera bultzatzeaz gain hizkuntza kalitatea zaintzeko konpromisoa ere onartu du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak