Apirilean onartu zuen Elgetako udalbatzak hondakinen kudeaketarako ekintza plana. Udaletxean ordezkaritza duten hiru talde politikoen adostasunarekin onartu zen planak hainbat neurri jasotzen zituen, tartean abenduan gaiaren inguruko herri galdeketa egitea.
Bada, herri galdeketa hori atzeratu egingo dute. "Hondakinen bilketaren inguruan urtea amaitu aurretik kontsulta egitea adostu genuen Elgetako Udaleko alderdi politiko guztiok. Kontsulta egiteko asmoak bere horretan jarraitzen du, baina aurreikusitako epea ezingo dugu bete", adierazi dute. Jakitera eman dutenez egutegi berri bat adosteko lanean ari dira asteotan udaletxeko zinegotziak. Hala, kontsulta egingo dela baieztatu dute, baina egutegi berria finkatu beharko dela.
Ekintza planaren helburuetako bat da gaiaren inguruan elgetarrek iritzi garatu eta kritikoa lortzea.