Oier Araolaza: "Uste dugu ondo ezagutzen ditugula gure sustraiak, baina gezur hutsa da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urr. 30a, 12:20

Arimen Gauaren inguruan galdetu diogu Dantzan.com atariko ordezkariari. Dio gure aitita-amamek ospatzen zutela.

Antropologia ikasi zuen Oier Araolaza eibartarrak, eta gustuko du haritik tiraka ibiltzea. Ez da lehen aldia Domu Santuko ospakizunen inguruan elkarrizketatzen dutela.

Egia al da inguruotan ere egiten zirela antzerako ospakizunak?
Ez dut gaiaren inguruan ikerketarik egin, baina neguko festen inguruko hitzaldi dezente eman ditut herriz-herri eta beti dago baten bat ospakizun hori ezagutu duena. Etnografia mailan dauden lanak ere kontsultatu ditut, eta konturatu naiz gauza horiek ez ditugula orain deskubritzen. Alor horretan lanean egon direnak jaso dituzte testigantzak Aian, Berrizen, Eibarren, Arabako Errioxan, Oiartzunen...

Zer dakizu jatorriaz?
Nik hau oso garbi lotzen dut kuestazioen munduarekin. Neguko festak eske-errondak dira —Santa eskea, Olentzero, Inauteria...—. Hain zuzen ere, Nafarroako herri batzuetan gaur egun arte mantendu dira Domu Santu egunaren inguruko kuestazioak. Ez dira mozorrotuta ibiltzen, baina ateratzen dira baserriz baserri gaztainak eta antzerakoak eskatzera. Argi dago Halloween festaren funtsa ere kuestazioa da.

Eta nola da posible gaur egun euskaldun gehienok ospakizun hori ez ezagutzea?
Uste dugu ondo ezagutzen dugula gure jatorria eta ondo eusten diegula gure sustraiei, baina nire ustez  gezur hutsa da. Biltzen ari garen testigantzak XX. mendeko 50., 60., 70. eta 80. hamarkadetakoak dira. Nola izan da posible generazio bakar batean ospakizun hori galtzea? Ospatzeari uzteaz gain ahaztu ere egin dugu; kontzientzia galdu, alegia. Eta orain Estatu Batuetako merkataritza industriak erabakitzen du hau mundu osora zabaltzea, eta Euskal Herrira iristen denean hor gabiltza denak plastikozko mozorroak eta kalabazak erosten pentsatuta festa amerikanoa dela. Jakingo bagenu gure aitita-amamak horrela ibiltzen zirela, haien sinesmen eta errito zaharrak direla, modu honetan ospatuko genuke? Ez dakit ba!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak