Pablo Gonzalez: "Kontraesan eta guzti, gazteondako eredu dira Manuel Sanchez Gordillo eta Marinaleda"

Leire Kortabarria 2013ko urr. 23a, 02:00

Gilenan, Sevillan, SAT (Sindicato Andaluz de Trabajadores) sindikatuko batzordearen antolakuntza arduraduna da Pablo Gonzalez 25 urteko gaztea. Euskal Herrian, tartean Elgetan, izan da, SATen mezua helarazten. SAT ezagun egin da azkenaldian eta Andaluziatik kanpo ere laguntza eta babesa jasotzen hasi direla esan digu.

Zein da Pablo Gonzalez?

Andaluziar gazte askok bezala, lizentziaduna naiz, Historian, baina ezin dut gustatuko litzaidakeen lana egin, kasu honetan irakaskuntza. Normalean, zerbitzari lana egiten dut, eta, olibaren kanpainan (irailetik urtarrilera), oliba batzen. Orain ez nabil horretan, herriko irin-errota baten baizik. Gilenan SATen batzordearen antolakuntza arduraduna naiz, eta Elikagaien Burujabetasun arloan Gazteria koordinatzaile lana ere egiten dut nazio osoan.

Eta nolakoa da Gilena?

Sevillako Hego-Mendilerro eskualdeko 3.800 biztanleko herria da, Andaluziaren bihotz-bihotzean. Bere ekonomia, neurri handi baten, nekazaritzan datza. Meatzaritza eta gure mendilerroko kareharri-ustiaketa ere garrantzitsuak dira. Enplegu aldetik, estatistika ofizialak ez datoz errealitatearekin bat eta enplegua sasoikoa da, baina esan diezazuket martxo, apiril eta maiatzean, jarduera indartsurik ez dagoenean, langabezia %30 eta %40 artean egon daitekeela. Politikoki, gaur egun eta bigarren aldiz jarraian, IU-LV-CAk gobernatzen du, sei zinegotzirekin, eta gero PSOE dago, bostekin. Sindikatu aldetik, historikoki bakarrik SAT eta SOC egon izan dira.

Orain aste batzuk Elgetan izan zinen. Zer berri?

Asko gustatu zitzaidan Elgeta eta oso ondo hartu gintuzten, bai ESK-ko lagunek bai gaztetxekoek. Beste leku batzuk ere bisitatu nituen, baina askoz hiritarragoak ziren. Elgetak eta Gilenak duten antzekotasun bakarra da landa-ingurunekoak direla biak, eta horrek bizimodu lasaia dakar. Bestalde, biek ere bertako ukitua gordetzen dute, bakoitzak bere kulturaren halako benetakotasun bat.

Andaluzian langabezia handia dago, batez ere gazteen artean.

Andaluziako langabezia tasak, gaur egun %35-40 artean, %65 gazteen kasuan, ez dira oraingoak. 1995ean, zifra berberak genituen, baina familien zorpetze-maila askoz txikiagoa zen. Baina hori ez da kasualitatea; Andaluziaren langabezia estrukturalaren jatorria XIX. mendeko bigarren erdian dago, Espainiako estatu liberala diseinatzen hasi zirenean, eta Andaluzia lehengaietarako eta burgesia euskaldun, katalan, gaztelar eta ingelesarendako eskulan merkerako geratu zenean. Orduz geroztik, gure herriak erabateko miseria saihesteko izan duen modu bakarra diaspora eta nahitaezko emigrazioak izan dira. Oraintxe bertan, sistema kapitalistaren beste atzeraldi une bat bizi izaten ari gara, eta Andaluzian horrek beti ondorio txarragoak izango ditu, beste nahitaezko emigrazio jario batekin, gehienbat formazio ona duten gazteena. Hori da gure lurraren betiko kondena.

SAT oso sarri irten da komunikabideetan. Identifikatuta sentitzen zara zuetaz ematen duten irudiarekin?

Komunikazio edo manipulazio medio handiak botere ekonomikoaren eta politikoaren kontrolpean daude; beraz, elkarren aurkako aldeetan gaude. Gure ekintza zuzenengatik, biolentoak garen irudia eman nahi dute, baina biolentzia zer den kontzeptu desberdinak ditugula dirudi, izan ere, guretako, gazteen langabezia %65 izatea, eurek pobrezia deitzen dutenaren azpitik biztanleen %30 bizi izatea eta baliabiderik gabeko familia bat kalera botatzea, hori da biolentzia. Baina, tira, ez zait batere harritzekoa egiten komunikabideek gu biolentotzat jotzea, jabego pribatua erasotzen dugulako edo bizi dugun egoeraren errudunak seinalatzen ditugulako. Klase-borroka da eta hedabideak kapitalaren beste tresna bat dira.

Zuen ingurukoek, zuen herrikideek zuen jarrera ulertzen eta konpartitzen dute?

Zonaldearen arabera, babes maila handiagoa edo txikiagoa dago. Ulertu, nik uste dut bere burua ezkertiartzat duen edozeinek ulertzen gaituela, eta baliteke PSOEko boto-emaile batzuek ere ulertzea. Beste gauza bat da denek konpartitzea. Gilenan, adibidez, bakarrik 50 bat afiliatu ditugu, baina babes soziala askoz handiagoa da. 2012ko udan Sevillara egin genuen martxan hiru autobuskada irten ziren gure herritik; otsailaren 28ko agerraldirako, beste autobus oso bat; Las Turquillas lursail militarra okupatzeko, beste bat; grebak beti dira erabatekoak; azaroaren 14ko greba orokor egunean, 200 lagun irten ziren kale-agerraldian…

Zuen afiliatu batzuk intsumiso judizialak dira. Ze ondorio ditu horrek?

Nire herriko bozeramailea Oscar Reina Gomez da, 23 urte ditu eta hainbat auzi ditu zabaik, tartean premia-premiazko janariak berreskuratzeko ekintza baten parte hartzeagatik, eta Somonteko eta Las Turquillaseko lursailak okupatzeagatik. Intsumitu judizial egin da, eta baita beste lankide batzuk ere. Helburua da sufritzen dugun jazarpen bidegabea, isun gehiago ordaindu ezin dugula eta, batez ere, auzitegi-sistema espainiarraren fartsan sinisten ez dugula salatzea. Milaka isun eta kartzela-urte ditugu eta gutako inork ez du zentimorik eroan paradisu fiskal batera, ez ditu milioika euro ostu, eta aldiz, bankari eta enpresaburu lapurrak eta politikari ustelak, benetako bizkarroiak, babestuta daude.

Nolakoa da Manuel Sánchez Gordillo benetan? Eta nolakoa da Marinaleda?

Beste edozeinek bezala, bere kontraesanak eta hanka-sartzeak izango ditu, baina, duda barik, Gordillok dena eman du bere idealengatik, bere jendearengatik eta bere herriarengatik. Borrokan lehenengoa eta ezer irabazteko orduan azkenekoa da. Diputatu edo legebiltzarkide gutxik egingo zituzten gose-grebak, gutxi joan izango dira auzitara botereari aurre egiteagatik, eta gutxiri bihurrituko zion besoa poliziak. Horrek adierazten du gure liderrak behar den tokian daudela, aurre-aurrean, beste militante guztien ondoan. Guretako, gazteondako, eredu bat da. Eta Marinaledaz, gauza bera: edozein proiektu sozialek bezala, bere kontraesanak eta akatsak izango ditu, baina gure herriarendako ikur bat eta gure borrokaren eredu bat da. Reincidentes-eko lagunek dioten moduan, Andalucía entera, como Marinaleda.

SATen kolaboratzaile egiteko kanpaina bat duzue martxan. Zertan datza?

Gure borroka sostengatzeko dirulaguntza bat da. Andaluziar sindikatu nazionalista bat gara eta Andaluzian dago gure borroka, baina gure azken ekintzen harira, nahiko ezagun egin gara, eta han eta hemen laguntza-taldeak sortu dira, hala nola Vallecasen, 300 kolaboratzaile baino gehiagorekin; eta ekintza jakinek, Somonteko okupazioak, adibidez, babes-taldeak dituzte orain, Bartzelonan kasu, eta nazioarteko brigadak bertara doaz, Komite Internazionalisten eskutik, adibidez.

Krisia "iruzurra" dela esan izan duzu. Azal dezakezu hori?

Iruzurra dela esan dut, aurreikusita ez zeukan zerbait dela sinestarazi nahi digulako botereak; horren erantzule ez dela eta hartzen dabilen neurriak har daitezkeen bakarrak direla eta beharrezkoak direla. Guk oso argi daukagu hori gezurra dela; kapitalismoaren beste ziklo bat da eta eurek eragin dute, zuhurtasunaren eta beldurraren aitzakiarekin are eta neurri gogorragoak egiteko, gu 30 urte atzera eroanez. Baina guri ez digute ziria sartuko, inoiz isildu ez zen Andaluzia garelako: Salvochearena, Perez del Alamorena, Mariana Pinedarena, Seisdedosena, Blas Infanterena, Helios Gomezena eta Lorcarena, eta horregatik suntsitu nahi gaituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak