Condor Legioaren museoan ez da eragindako sarraskirik aipatzen

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urr. 3a, 14:08

Atzo inauguratu zuten Espaloian urriaren 31ra arte zabalik egongo den erakusketa.

Hannover ondoan, Wunstorf herrian aurkitzen da Condor Legioaren egoitza militarra izan zena. "Hegazkin basea izaten jarraitzen du", azaldu zuen atzo Espaloian Baskale elkarteko Andrea Heuschmid-ek. Legion Condor-ek eragindako Gernikaren suntsipena erakusketaren inaugurazioan esan zituen hitzok. "Nazioarteko aireportu militar handia bihurtu nahi dute orain".

Memoria historikoa berreskuratzeko lanean dihardute Baskale elkartean, eta Condor Legioak Espainiako gerran izan zuen parte-hartzea azaltzen duen erakusketa ekarri dute Elgetara. Bisitariak 17 panel aurkituko ditu kafe antzokiko hormetan. 80. hamarkadan Alemaniako Arbeitskreis Regionalgeschichte ikerlari taldeak abiatutako lanaren emaitza da. "Alemanian ere historia ezabatzen saiatu dira", azaldu du Heuschmid-ek. "Wunstorfen museoa dago, baina bertan ez da Condor Legioak eragindako krudelkeriei buruz ezer aipatzen. Beteroak beso zabalik hartu izan dituzte beti, eta bertan egin dituzte euren ospakizunak".

Historiaren itzal luzea

Aurkitutako argazki eta dokumentuek erakusten dute Mundu Gerren ostean Alemaniak ez zuela ez berrarmatzeko agindua bete, eta oso aspaldikoa dela Frankistekin hasitako harremana. "Gaiaren inguruan hemen hain ezagunak ez diren ikuspuntuak agertzen dira erakusketan", esan du Heuschmid-ek. "Espainiar faxisten eta Nazien arteko harremana Marokoko gerra garaikoa da, eta Alemanian ere gertatutakoa ezabatzen saiatu dira".

Faxista guztiak batera

Atzoko aurkezpenean Intxorta 1937 elkarteko Juan Ramon Garaik Elgetaren bonbardaketaren inguruko xehetasunak eman zituen. "Franco Bergarara etorri zen 1937ko apirilaren 20an ziur zegoelako italiar eta alemaniar faxisten laguntzarekin Elgeta behingoz jausiko zela. Besteak beste, Alemaniako Junker hegazkinek eta Italiako Savoie hegazkinek bonbardatu zuten Elgeta". Garairen esanetan ez dago zalantzarik: "Francok munduko faxista guztien laguntza izan zuen Euskal Herria —eta Elgeta— bonbardatzeko: Alemaniarren 50 kiloko bonba aurkitu genuen Intxorta Txikin, txosten militarrak ditugu non agertzen den zein ordu eta egunetan eta zein hegazkinek bonbardatu behar zuten Elgeta, eta Gerediaga elkarteak bonbardaketaren argazkiak aurkitu zituen Italiako artxibo militarrean, iaz".

Testigantza berria

Aurkezpen ekitaldia ez zen jendetsua izan. Baskale elkartetik Andrea Heuschmid eta Klaus Armsbrüster etorri ziren, Intxorta 1937 kultur elkartetik Juan Ramon Garai eta Julia Monje eta Elgetako udaletik Oxel Erostarbe, Patxi Basauri eta Iraitz Lazkano. Publikoan, ordea, testigantza interesgarria egin zuen 88 urteko emakume soraluzetar batek: 1937ko apirilean hegazkin faxistak Durango aldera pasatzen nola ikusi zituen kontatu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak