Auzo-konposta egiteko Elgetako lehenengo hiru guneak zabalik dira

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko ira. 5a, 13:11

33 familia erabiltzaile izango dituzte; atzoko saioan argibideak, arautegia, ontzi bana eta giltzak jaso zituzten.

Atzo Elgetako beste 33 familiak konposta egiteko konpromisoa hartu zuten. Udalak Elgeta Zero Zabor taldeko kideen laguntzarekin antolatuta konposta egiteko oinarrizko ikastaroa jaso zuten Mari Carmen Larrañagaren eskutik.

Hasiera honetan konposta egiteko hiru gune zabaldu dituzte Elgetan; Torrealdean bat eta Domingo Iturbe kalean bi. Ikastaroa jaso ostean eta atarika antolatuta egitasmoan parte hartzeko izena eman zuten herritarrek zabalik dituzte hiru guneak. Ikastaroa amaitutakoan interesatuak atzo bertan izan ziren guneak ikusten. Familia bakoitzari konposta non egitea egokitu zaion erakutsi zioten. Funtzionamendu arauak gogorarazi eta gune bakoitzeko arduradunak ere izendatu zituzten.

"Elgetako beste 33 familiak hartu dute etxean sortutako hondakin organikoak kudeatzeko konpromisoa. Urrats garrantzitsua dela deritzogu, izan ere, aurretik etxeko lorategi edo ortuetan konposta egiten ari diren 40 familiak gehitzen baditugu zifra polita irteten da", esan du Oxel Erostarbe alkateak.

Familia interesatu gehiago balego Udalak zabalik du izena emateko epea. "Hiru guneotan oraindik ere bada lekua", esan zuen alkateak. "Udalaren helburua orain konposta egitera animatu diren familien artean erabilerak sortuko dituen zalantzak eta arazoak behar den moduan argitzea izango da", gehitu zuen.

Elgeta zero zabor taldeko ordezkariak ere gertu azaldu ziren behar izanez gero argibide gehiago ematera. Kontaktua da: elgetazz@gmail.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak