Erosketak modu jasangarrian egiteko plastikozko ontziak banatuko dituzte gaurtik aurrera Elgetan

Amagoia arrandegiak, Goikoetxe harategiak eta Ugari dendak bat egin dute Ekogunearen 'Ontziratu zaitez!' kanpainarekin.

Erosketak egiten ditugunean bilgarri asko erabiltzen ditugu —plastikoa, papera...—, eta ondorioz hondakin asko sortzen dugu. Arazo horri irtenbidea emateko plastikozko ontziak banatuko dituzte gaurtik aurrera, eguena, Elgetako hiru komertziotan: Amagoia arrandegian, Goikoetxe harategian eta Ugari dendan.

Atzo aurkeztu zuten Ontziratu zaitez! kanpaina Elgetan. Kutxabank-en Gizarte Ekintzako Ekoguneak sustatzen du, eta Elgetako Udalak bat egin du egitasmo horrekin. Gipuzkoako 29. udalerria da, eta Debagoieneko lehenengoa. "Herritarrak kanpaina honetan parte hartzera gonbidatzen ditut", esan zuen Oxel Erostarbe alkateak. "Hondakinen kudeaketan hainbat pauso ematea aurreikusten genuen, eta hauxe da horietako bat".

"Denok egiten dugu posible Kutxabank-en Gizarte Ekintza", adierazi du Elgetako Kutxabank-eko zuzendari Jaione Gartzia Izurrategik. "Horri esker dira posible horrelako kanpainak. Banketxe batek zer eskaintzen digun aztertzerakoan horrelakoak ere kontuan hartu behar ditugu", esan du .

Bi ontzi etxebizitza bakoitzeko

Kutxa Ekoguneko kontsumo jasangarriaren arduradun Amaia Otazok kanpainaren inguruko xehetasun gehiago eman ditu. "Asmoa da etxebizitza bakoitzeko bi ontzi banatzea, guztira 960 ontzi Elgetan. Bat urdina izango da, eta bestea berdea. Guztiak 3,5 litroko edukiarekin", esan du. Elgetarrak ontzi horiek erabiltzera animatu ditu Otazok, eta gaineratu du etxean ditugun bestelako plastikozko ontziak ere erabil daitezkeela.

Otazok bereziki gogoan izan ditu kanpaina honekin bat egin duten komertzioak. "Abendura bitartean hilean zozketa bat egingo dute plastikozko ontziak erabiltzen dituzten erosleen artean, eta saria eurek ipiniko dute", esan du. "Gure bozemaileak dira, eta lan handia egin dezakete erosketa jasangarriagoak egiteko ohiturak bultzatzen. Animatzen ditut abendutik aurrera ere ohitura horiek bultzatzen jarraitzera".

Ontziak plazan ere banatuko ditu Udalak: hilaren 12ean, 19:00etan.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.