Mari Carmen Etxebarria: "Esperientzia ona izan zen, baina lan handia ere bai, eta ezin da denon gustura gobernatu"

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko uzt. 2a, 13:41

Mari Carmen Etxebarria Ormaiztegin bizi izan zen bederatzi urte bete arte. Hala eta guztiz ere, Elgetako kontu askoren berri du, eta gustatu egiten zaio, gainera, oroitzapen horiek guztiak gordetzea. Elgetako argazki zahar ugari ditu etxean, benetako artxiboa. Bi agintaldi egin zituen Udalean. Gero, ahizpa batek hartu zuen erreleboa, eta, urte batzuen buruan, alaba da orain Hezkuntza zinegotzia. Aipamena merezi duen beste kontu bat: eskola ondoan bizi da. Beti bizi izan da eskola ondoan. 

Zein izaten zen zure zeregin nagusia udal ordezkari karguan?

Hasierako urteetan ikastola genuen herrian, eta hilean bitan elkartzen ginen andereñoekin haien arazoen eta premien berri izateko. Gero, eskola publikoa zabaltzea lortu genuen, eta asko aldatu ziren gauzak.

Zergatik?

Ikastolarekin gurasoen lana eta inplikazioa oso handia zen. Tonbola antolatu, kartoiak batu... dirua behar zen andereñoak-eta ordaintzeko, eta taberna ere bagenuen. Txandaka egiten genuen lan aste bukaeretan. 

Gaur egungo eskolaren eraikina udal ordezkari zinela egin zen, ezta?

Bai. Ez da batere polita, baina hortxe dago. [Barre]

Urte nahasiak izan ziren 80ko eta 90eko hamarkadetakoak, ezta?

Bai. Egoera politikoa nahasia zen, eta gero, alderdi barruan, Carlos Garaikoetxea lehendakaritzatik kendu zuteneko urteak izan ziren haiek. Elgetako udalbatzan ere ondorioak izan zituen horrek: EAJko bi ordezkari EAra pasatu ziren.

Elgetan, zinegotzi kargua hartu zuen lehenengo emakumezkoa zara. Garrantzitsua da zuretzat?

Ez dakit ba! Kargua hartu nuenean esan zuten, bai, lehenengo emakumea nintzela, baina eguneroko lanean normaltasun osoz egiten genuen lan. Alderdiak jendea behar zuen zerrendak osatzeko, eta horrela sartu nintzen.

Oso lanpetuta ibiliko zinen.

Noski. Elkoronean nenbilen lanean, Ozkarbiko elkarteko idazkari izatea ere egokitu zitzaidan urte haietan... Gainera, hiru seme-alaba... Egia esan, ia gauero nuen zerbait. Ez dakit etxean nola aguantatu ninduten!

Euskaraz egiten zenuten udaletxean?

Ez, dena gazteleraz. Oso jantziak ginelakoan, nonbait! [Barre] Zorionez, aldatu egin dira gauzak!

Urte haietan egindako ze proiektu dituzu gogoan?

Gogoan dut, esaterako, San Roke eta Maala kaleetako galtzada-harria berritu zenekoa. Aldundiko ordezkariak etorri ziren inaugurazio ekitaldira, eta tartean zen Xabier Lete. Joan egin behar izan zuen, aita gaizki zegoela-eta dei bat jaso zuelako. Pagatzako industrialdea ere urte haietan egin zen. Eskola berria, Domingo Iturbe kaleko lehenengo etxeak, farmazia berria, Udal Liburutegia... Egia esan, mugimendu handiko urteak izan ziren, eta dirua zegoen: diru asko etorri zen Diputaziotik eta Jaurlaritzatik.  

Oroitzapen onak gordetzen dituzu, orduan? 

Denetik egon zen. Esperientzia ona izan zen, baina lan handia ere bai, eta ezin da denon gustura gobernatu. Eta kobratu, ezer ere ez! Zorionez, jende arduratsua genuen inguruan, eta beste mentalitate bat zegoen; auzolan handia egiten zen. Esaterako, Bilboko uholdeen ostean jende asko joan zen Elgetatik laguntzera. Baita Bergaratik ere. Astebete egin zuten bertan.  

Zure alaba, Ana, Elgetako Hezkuntza zinegotzia da gaur egun. Aholkurik-edo eskatu dizu? 

Aitortu behar dut ez dugula gaiaren inguruan berbarik egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak