Uztailean abiatuko du Udalak hondakin bilketaren inguruko informazio kanpaina

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko eka. 6a, 14:28

Politikariek adostutako proposamena aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasoko dituzte Ferixa Nagusiko jaien ostean.

Elgetako Udalak Domingo Iturbe kalean ipiniko du auzo-konposta egiteko lehenengo gunea. Atzo hasi ziren lanak eta honezkero eginda dago tokia. Gutxi gorabehera Eguneko Zentroaren parean egongo da, Uruburu eta Kantoikoa baserrien azpiko aldean.

Azalpen horiek atzo herriko elkarteen ordezkariekin egindako bileran eman zituen Oxel Erostarbe alkateak. Hamaika bat lagun elkartu ziren: Gaztetxea, Goibeko euskara elkartea, guraso elkartea, erretiratuen elkartea eta odol-emaileen taldea zeuden ordezkatuta. Erostarbek esan zuen herriko udal ordezkari politikoak adostasun batera iritsi direla hondakin bilketa, Elgetan, ahalik eta eraginkorrena izateko helburuarekin, eta plangintza zein den azaldu zuen.

Alkateak jakinarazi du uztailean, Ferixa Nagusiko jaien ostean ekingo diotela herritarrak informatzeari, eta asmoa dela ekarpenak ere jasotzea. Txip-dun edukiontzien aldeko apustua egin dute Elgetan, eta sistema horrek nola funtzionatzen duen azalduko diete herritarrei. Hala, bilera gehiago egingo dira. Erostarbek gogoratu zuen, bestetik, zabalik jarraitzen duela auzo zein auto-konposta egiteko aukerak, eta laster erosketak modu eraginkorrean egiteko tupperrak banatuko dituela Udalak.

Garbigune ibiltaria, eguaztenean

Debagoieneko Mankomunitateak martxan ipini duen zerbitzua eguaztenean Elgetan izango dela ere gogora ekarri zuen Erostarbek. 10:00etatik 21:00etara egongo da Salbador kaleko plazan eta bonbillak, fluoreszenteak, botikak, disolbatzaileak, pinturak, pilak, aerosolak, tresna elektriko zein elektroniko txikiak... jasoko dituzte bertan. Garbigune ibiltaria hilean bitan izango da Elgetan —egutegia etxez etxe banatuta dago—, eta duela urte batzuk kendutako Puntu Berde Mugikorrak egiten zuen zerbitzua ematera dator. Hondakin mota bakoitzerako sarleku desberdinak izango ditu. Lehenengo bisita, esan moduan, eguaztenean, ekainak 12an, izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak