Elgetan ere egin dute Mundumob jaialdia

25 bat lagun animatu dira dantzara; aurretik tailerrak eta jokoak egin ditu Elgeta Zero Zabor taldeak.

Giro politarekin egin du Elgeta Zero Zabor taldeak Mundumob jaialdia, gaur eguerdian. Umeendako papiroflexia tailerra 11:30ean hasi da, eta jarraian txirikil batzea jolasaren bertsio berria egin dute. Batu beharrekoak brik ontziak, egunkariak, fruta azalak, latak, ogi zatiak eta mota guztietako hondakinak izan dira. Umeek hondakin bakoitza zein edukiontzitan bota behar den ikasi dute jolasaren bitartez.

Konposta erakusketa ere egon da. Plazako txoko batean adaxkak txikitzeko makina, konpostagailua, egindako konposta eta beste hainbat tresna zeuden ikusgai. Elgeta Zero Zabor taldeko ordezkariek erakutsi dute konposta egiteko modu ezberdin asko dagoela. Konposta ere eskaini dute herritarrek etxean landarei botatzeko.

Udaletxeko arkupean, berriz, ikus-entzunezkoak egon dira ikusgai. Erosketak egiterakoan, esaterako, alperrikako zenbat bilgarri eramaten dugun etxera azaltzen zuten bideo horietako batean. Azoketan erosteko edo tupperrak erabiltzeko gomendioa ere egiten zuten.

Mundumob dantzaren grabaketa

12:30ak aldera Mundumob dantzaren grabaketa egiteko prestatu dira plazan. Lehenengo entsegu bat egin dute, eta jarraian grabaketa. Elgetako 25 bat lagun animatu dira gaur dantzara. Gure planeta irudikatzen zuen bola erraldoi baten aurrean egin dute dantzan, eta ondotik borobil handi bat egin eta eskutik eskura pasa dute.

Elgeta Zero Zabor taldeko Mirari Larrañagak adierazi du hartu dugun mundua utzi behar diegula hurrengo belaunaldiei eta ahalegin horretan lan egitera animatu ditu elgetarrak. Azkenik, edozein zalantza edo galderaren aurrean Elgeta Zero Zabor taldera gerturatzera gonbidatu ditu herritarrak. Hain zuzen ere, aste bukaera honetan bete da urtea Elgeta Zero Zabor taldea sortu zela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.