Elgeta Zero Zabor taldeak Mundumob jaialdian parte hartzeko dei egin du; sentsibilizazioa dute helburu

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko mai. 24a, 11:50

 Ekintzak 11:30ean hasiko dira plazan, eta jarraian, 12:30ean, Mundumob dantzaren grabaketa egingo dute.

Umeendako papiroflexia tailerra eta oskol-bilketa jokoa, eta helduendako konposta erakusketa eta bideo emanaldia antolatu ditu Elgeta Zero Zabor taldeak domekarako. Mundumob Gipuzkoa zeharkatuko duen ekimena da, eta planteatzen duena iraunkortasunaren aldarrikapena egitea da. "Aurreko urteetan Gipuzkoa Zero Zabor taldeak ekimen erraldoi bakarra antolatu izan du; ideia, aurten, ekimen hori herri guztietara zabaltzea izan da", esan du Elgeta Zero Zabor taldeko Ibai Larrañagak.

Jolasak eta tailerrak

Umeendako papiroflexia tailerra iragarri dute, berrerabilitako paperarekin egingo dena. Jarraian, oskol-bilketaren jolasa egingo dute. Kasu honetan hondakin ezberdinak dira haurrek jaso eta edukiontzietara eraman beharko dituztenak. Edukiontziak ere kolore ezberdinetakoak izango dira. Hala, hondakin bakoitza dagokion edukiontzira eraman beharko dute. 

Helduendako konpostagune bat ikusteko aukera eskainiko dute Mundumob jaialdian. "Konposta egiteko modu ezberdin asko dago. Guk lau modu diferenteetan egiten dugu konposta etxean. Hori erakutsiko dugu domekan", esan du Elgeta Zero Zabor taldeko Tomas Agotek. "Egindako konposta ere ekarriko dugu jendeak etxera eraman eta erabil dezan". Bideo emanaldia ere iragarri dute. Gaiarekin lotutako ikus-entzunezkoak ikusteko aukera egongo da.

Azkenik, Mundumob dantzaren grabaketa egingo dute. Dantza ondo ateratzeko entsegu egunak ere finkatu dituzte. Parte hartu nahi dutenek zabalik aurkituko dituzte ateak gaur, barikua, 18:00etan gaztetxean egingo den entseguan. Haurrendako entsegua bihar, zapatua, 16:30ean egingo dute kiroldegiko gimnasioan. Ondoren, 19:00etan, entsegu orokorra egingo dute plazan.

Sentsibilizazioa helburu

Antolatzaileek azaldu dute ekimenaren helburua sentsibilizazioa dela: "Leloa da Eman hartu nahi duzun mundua, eta hori da domekako ekitaldiekin aldarrikatuko duguna", adierazi du Tomas Agotek. "Jendeak polemika handia eragin duten gaiekin lotzen du zero zabor filosofia; esaterako, atez atekoarekin. Baina uste okerra da hori. Zero zabor filosofia hori baino zabalagoa da, eta ezagutzera eman nahi dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak