Juan Maria Arantzeta Egizabal: "Asko eztabaidatzen genuen, eta horrela iristen ginen adostasunetara, herriari begira beti"

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko mai. 15a, 02:00

Udal jarduna gertutik jarraitu du Juan Maria Arantzetak. "Azkenaldian, baina, urrutitik jarraitzen dut politika", aitortzen du. "Gauzak asko aldatu dira; lehen, herriari gehiago begiratzen zitzaion orain baino, gehiago eztabaidatzen zen", dio.

Zelan sartu zinen Udalera?

Independenteen izenean batzen ginen taldetxo bateko kide nintzen eta udal hauteskundeak heltzen zirenean, geure artean erabakitzen genuen nor sartu Udalera. Horrela izan zen. 

Ze oroitzapen dituzu?

Onak eta txarrak, denetariko oroitzapenak ditut. Garai hartan gehiengoa genuen Udalean: bost ginen gu, Patxi Basauri alkate zela, EAJk hiru zinegotzi zituen eta HBk bat.

Herriaren alde egiten genuen lan guztiok, eta, nahiz eta puntu batzuetan desadostasunak egon, orain baino gehiago izaten genuen kontuan herria.

Zein izan zen momenturik gogorrenetakoa?

Industrialdea martxan jarri genuena, duda barik. Hori aurrera eramateko erabakia hartu behar genuenean, jende asko etorri zen osoko bilkurara. Asko, gainera, abokatu eta guzti. Momentu gogorra izan zen, bai, baina herriarendako ona izango zela uste genuen eta denborarekin ikusi da erabaki zuzena hartu genuela. Herriko industrialdearen lehenengo fasea izan zen hori. Egia da bigarren faseak ez duela emaitza bera izan, baina garaia eta bizi den egoera ere ez da berdina; gaur egun ez daude horrenbeste eskaera.

Hezkuntza zinegotzi izanda, zein proiektu nabarmenduko zenuke?

Eskolen bateratzea. Ordura arte ikastola eta orduko eskola nazionala zeuden herrian eta biak batu genituen, eskola bakarraren alde. Hori ere ez zen denen gustukoa izan, baina tira... Horri lotuta, ikasle nagusiak Bergarako ikastetxera jaisteko autobus zerbitzua bermatzea ere nire arduretako bat zen, adibidez.  

Nola lantzen zenituzten gaiak?

Hilean behin egiten genuen osoko bilkura, orain bezala, baina komisioak ere izaten genituen eta aste barruan batzarrak egiten genituen. Lanaz gain izaten zen hori, jakina. Guk ez genuen dirurik irabazten zinegotzi izateagatik. Kobratu, kobratzen genuen, baina alkateari ematen genion gure dirusaria, hark kudeatzeko.

Ze harreman zenuen beste alderdietako kideekin?

Politika kontuetan ez genuen bat egiten batzuetan, baina gogoan dut asko eztabaidatzen genuela eta adostasunak ere horrela lortzen genituela. Herrira begira egiten genuen lan guztiok.

Gogoan dut, esaterako, Santi Brouard hil zuten eguna. Egun hartan osoko bilkura genuen udaletxean. HBko zinegotziak osokoa bertan behera uzteko proposamena egin zigun gainerako zinegotzi guztioi, eta denok esan genion baietz. Gertaeraren larritasunaz denok konturatu ginen, ez zen egon diskusiorik. Uste dut orain beste modu batera hartzen direla erabakiak, herriari kasu txikiagoa egiten zaiola, ez zaiola lehen beste begiratzen, eta hori ez zait batere gustatzen.

Nolakoa iruditu zitzaizun udal ordezkari izateko lana?

Nik gustura egin nuen, ikusten nuelako denok ari ginela batera lanean. Administrazio orokorrek gauzak beste ikuspuntu batetik begiratzen dituztela ere konturatu nintzen. Eskolak bateratu eta bakarra egin genuenean, adibidez, horrenbeste gela, laborategia eta ez dakit zenbat gauza gehiago jartzeko eskatu ziguten. Ez ziren konturatzen Elgeta herri txikia dela. Herri guztiak ez dira berdinak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak