Hondakinen kudeaketaren gaian adostasun batera iritsi dira Elgetako hiru talde politikoak. Oxel Erostarbe alkateak adierazi du bederatzi hilabeteko sukalde lan isila dagoela gaurko osoko bilkuran aho batez onartu duten dokumentuaren atzean: "Lan bilera asko eta adostasunak topatzeko talde guztiek erakutsitako borondatea", adierazi du alkateak.
Era berean, azpimarratu du elkarren arteko errespetua etengabe zaindu dutela: "Guk denok errespetatu dugu elkar, jakin dugu bakoitzak zein iritzi zuen baina aurkitu dugu puntu komun bat, eta espero dezagun Gipuzkoan-eta zabalduta dagoen eztabaida hori bideratzen hastea, erronka ez delako Elgetakoa bakarrik, erronka denona delako, benetan bakoitzak bere etxean konpromisoa hartzea sortzen dituen hondakinak behar den moduan kudeatzeko".
Hala, helburu bateratua, zortzi neurrik osatzen duten proposamena eta abendurako herri galdeketa egitea aurreikusten duen ekintza plana onartu dituzte gaur.
Bildu pozik helburuarekin
Bilduko bozeramaile Janire Lazkano pozik agertu da lortutako adostasunarekin, eta bereziki nabarmendu du prozesua "helburuetan zentratu izana sistemetan baino". Helburua, ahal denik eta gehien sailkatzea dela esan du Lazkanok, eta %70-80 sailkatzera iristeko helburua ontzat eman du.
Herritarrei galdetzea ere ondo deritzo: "Aurrera, gu beti egongo gara Elgeta jasangarri baten alde", esan du. Baina ohartarazi du galdeketa une honetan eta gai honekin proposatzen dela, eta hori zergatik den horrela galdetu du. "Proposamena lehen zirriborro gisa hartzen dugu", adierazi du, eta bereziki nabarmendu du aztertzeko dagoela egitasmoaren bideragarritasun ekonomikoa.
Jeltzaleak atez atekoaren kontra
Patxi Basauri jeltzalea ere gustura azaldu da lortutako adostasun mailarekin. Argi eta garbi esan du atez ateko bilketa sistemaren kontra daudela, eta baieztatu du bat datozela Elgetan adostutako bilketa sistemarekin.
"Oso pozik gaude. Gainera, uste dugu adostasuna lortzea oso inportantea dela, herrian ika-mikarik izateke lana asko hobetu daitekeelako. Denok egin dugu, beste alderdiek ere egin dituzte oso ekarpena onak", azaldu du EAJko Maria Jesus Letek.
Herritarren txanda
Hiru alderdi politikoek adostutako proposamena herritarrei aurkezteko txanda da orain. Hainbat informazio zein sentsibilizazio ekimen burutuko dira herrian hurrengo hilabeteotan. Helburua da gaiaren inguruan elgetarrek iritzi garatu eta kritikoa lortzea talde politikoek adostutako proposamenari ekarpenak egiteko, eta abenduan egitekoa den herri kontsultan parte hartzeko.
Talde politikoek adostutako proposamena
Helburu bateratua da hondakinen %70-80 sailkatzea, eta herritarrak hondakinekin dagoen arazoaz kontzientziatzea. Hala, zortzi neurri hartuko dira Elgetan:
- Zaborrarekin gaur egun egiten dena ezagutzeko eta herritarrek gaiaren inguruan iritzi garatu eta kritiko bat izateko ekimenak burutu.
- Etxekonposta zein auzokonposta bultzatu.
- Ekogunerekin batera 'Elgetan ontziratu zaitez' ekimena gauzatu.
- Kaleetan, parkeetan... hondakinak bereizita botatzeko zaborrontzi berriak ipini.
- Hondakinen bilketa edukiontzien bidez egingo da, baina desagertu egingo da edukiontzi berdea. Bost edukiontzi berdin mantenduko dira: paperarena, beirarena, olioarena, pilena eta arroparena. Berrikuntza izango dira txiparekin funtzionatuko duten edukiontziak: plastikoarena, organikoarena, errefuxarena eta fardelena. Eta Puntu Berde Mugikorra martxan ipiniko da, berriz ere.
- Jarraipena egingo zaie hondakinak sailkatzen ez dituzten herritarrei, eta hobariak aplikatuko zaizkie konposta egiten dutenei.
- Zerbitzu hobea eskainiko zaie enpresa eta komertzioei.
- Berrerabilpena bultzatzeko ekimenak indartuko dira, esaterako, bigarren eskuko azokak.