Hasita daude etxeko konpostagailuen egoera eta funtzionamendua ikuskatzeko etxez etxeko bisitak

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko apirilaren 8a

Vermican enpresak dihardu lan horretan. Mankomunitateak kontratatu du zerbitzua, eta helburua da etxeko konpostaren egoeraren eta funtzionamenduaren datu bilketa eta balorazioa egitea. Aste Santu aurretik hasi zen bisitak egiten, eta kalkulatzen du ekainera arte ibiliko dela etxez etxe; atzo, esaterako, Elgetan izan zen.

Vermican enpresako Joseba Sanchezek bisita horietan erabiltzaileen zalantzak argitu, konpostagailuaren egoera ikusi, eta konpostaren lagin bat hartzen dutela azaldu du. Lagin hori, gero, laborategira eramaten dute ph-a, hezetasuna eta batez ere gazitasuna neurtzeko.

Orokorrean, erabiltzaileen zalantza edo kezka nagusiak bi direla kontatu du Sanchezek. "Lehenengo eta behin sortu daitezkeen arazoen inguruan galdetzen du jendeak: eltxoak, karraskariak, usaina... Beste multzo handi bat osatzen dute konposta ondo egiten ari ote diren jakin nahi dutenak".

Bi dokumentu

Bisita egin ostean erabiltzaileak bi dokumentu sinatzen ditu: bisita ziurtagiria alde batetik, eta hondakin organiko guztia konpostatzeko konpromisoa jasotzen duen agiria. Ezinbestekoa da konpromiso hori hartzea zaborraren tasan hobaria izateko.

Jakin ikuskatzaile hauek konposta egiten duten Debagoieneko erabiltzaile guztien etxeetatik pasako direla, beti ere aurrez hitzordua eginda. Momentuz, Arrasaten eta Aretxabaletan izan dira, eta orain Elgetan eta Antzuolan dabiltza. Adituak esan digu Debagoienean, orokorrean, ondo egiten dela konposta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak