Elgetako Udalak 9.000 euroko diru-lerroa onartu du, 2013ko aurrekontuan, herrian auzo-konposterako guneak egiteko. "Guneen kokalekua zehazten hasi aurretik garrantzitsua da horretarako prest dauden herritarrak zenbat diren eta zein kaletan bizi diren ezagutzea", azaldu du Oxel Erostarbe alkateak. "Auzo-konposta egin gura duten herritarrak udaletxera etorri eta izena ematera animatu gura ditugu", esan du Erostarbek.
Hiru izenemate soilik
Udalak emandako datuen arabera, 2012an etxez etxe izena emateko Udalak banatutako eskuorrietan hiru lagunek bakarrik eman zuten izena. Udaletik, hondakin organikoak herrian bertan kudeatzeak duen garrantzia azpimarratu dute, eta gogoratu dute ordenantza fiskaletan dagoeneko jasota dagoela organikoa kudeatzen duten herritarrek hobariak izango dituztela zaborraren kuotan.
Parte hartzeko bi aukera
Hondakin organikoak kudeatzeko konpostagailuak behar dira. Hala, etxean bertan ipintzeko eskaera egiten duten herritarrei konpostagailu indibiduala banatuko diete. Aldiz, lorategi edo orturik ez duten herritarrek auzo-konposta egiteko aukera izango dute. "Herrian zehar auzo-konposta egiteko guneak aurrera eramango dira. Udalaren aurreikuspena da Gipuzkoako Foru Aldundiak inbertsioan laguntzea".
Ikastaroa otsailean
2005a ezkero, 44 konpostagailu banatu dira Elgetan; horietatik 26 iaz, 2012an. Udalak jakinarazi du beste zortzi lagunek egin dutela eskaera eta aurreikusita dagoela ikastaroa otsailean egitea.