Alejandro Cristobal: "Oso momentu gogorrak eta arazo ugari izan genituen gure lehenengo legealdian; uzteko modukoa izan zen"

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko abe. 5a, 01:00

Alderdi independenteko Elgetako udal ordezkaria izan zen Alejandro Cristobal 1979 eta 1983. urte bitartean. Zinegotzi moduan egon zen garaian hainbat proiektu aurrera eraman zituzten eta momentu onak zein gogorrak gogoratzen ditu orain.

Zein ardura zeneukan Udalera sartu zinenean?

Osasun gaiak eramaten nituen garai hartan; hondakinak eta mediku kontuak kudeatzen nituen nik beste alderdikide batekin batera. Orduan ez ziren existitzen gaur egun ezagutzen ditugun bezala Ingurumen zinegotziak eta horrelakoak. Bederatzi edo hamar zinegotzi geunden; gure alderdiko lau kide eta bizpahiru jeltzale eta beste horrenbeste Herri Batasunekoak. Alkatea gure alderdiko Patxi Basauri izan zen eta 10-15 lagunez osatutako komisio bidez egiten genuen lan.

Zein proiektu eraman zenituzten aurrera?

Osasun etxeko kontuak aurrera eraman genituen, Mankomunitatea ere orduan edo pixka bat lehentxeago sortu zen eta eurekin batera eramaten genuen hondakinen kontua ere, plan urbanistikoa Elgetan jartzeko antolaketa guztia ere geuk egin genuen; gainera, saria eta guzti irabazi genuen. Herriko poligonoa ere garai hartan egin genuen. Elgetan mugimendu handia zegoen garai hartan: autogestioa, Ikastola, auzolanean egindako lana...

Udalean zeuden gainontzeko alderdikideekin nolako harremana zenuten?

Nik uste dut nahiko ondo konpontzen ginela, orekarekin eramaten genituen gauzak. Adibidez, gogoratzen dut Herri Batasuneko zinegotzi gogor bat egon zela gure legealdian, Zabalondo, hark nahiko presio egiten zigun eta hainbat gorabehera izan genituen, baina nahiko harreman ona geneukan, orokorrean, guztiekin.

Garai hartako zein oroitzapen dituzu?

Momentu gogorrak bizi izan genituen herrian garai hartan. ETAkoa zen Elgetako gure lagun bat atentatu batean hil zen. Omenaldi handia egin genion, poliziaz bete zen herria, udaletxean lehergailu bat ipini ziguten, beste taberna batean dinamita mordoa jarri zuten, postontzietan GALekoek mehatxuak utzi zizkiguten... Oso momentu gogorrak izan ziren guztiontzako, eta, nola ez, baita familia horrendako ere.

Momentu konplikatuak bizi izan zenituzten, orduan?

Bai, oso momentu gogorrak eta arazo ugari izan genituen gure lehenengo legealdian; uzteko modukoa izan zen. Eskolen kontuengatik ere mehatxuak jaso genituen. Eskola biak, gaztelaniazkoa eta euskarazkoa, elkartu egin genituen eta mehatxuak jaso genituen. Azkenean, ezerezean gelditu zen kontua, baina arazo ugari izan genituen, bai. Eskola publikoa jarri genuen guk, eta batzuek ez zuten nahi, protestak egon ziren eta alde guztietatik nahiko arazo izan genituen. Baina nik pentsatzen dut herritarrak nahiko konforme egon zirela, orokorrean, gurekin eta baita beste alderdikoekin ere.

Zure legealdiaren ostean politikan jarraitu zenuen?

Beste pare bat legealditan zerrendetan azkena izan nintzen, baina gero jendea aspertu egin zen independenteekin. Gure dirutik ateratzen genuen guztia eta orduan ez genuen egun alderdiek jasotzen duten laguntzarik.

Uste duzu herrian gaur egun baino mugimendu handiagoa zegoela garai hartan?

Bai, nik uste dut jendeak orduan ikusten zuela aldaketa erraza zela, eta interes handia zegoen gauzak egiteko. Orain, berriz, pentsatzen dut jendeak ez duela sinesten politikan.

Zeuk gaur egun jarraitzen duzu politikan?

Ez, ez daukat alderdirik. Azkeneko hauteskundeetan ere zeini bozkatu jakin gabe ibili nintzen. Orain ia ez dut sinesten politikariengan. Guk lanak pertsonalki egiten genituen; norabait aitzurrarekin lanera joan behar bazen, geu joaten ginen, eta ezer kobratu gabe. Zeharo desberdina da orain kontua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak