Jakin-mina piztu du egunotan Bolatokiko jolas-parkearen ondoan lanean egon den zundaketa makinak. Herritarren artean zurrumurru asko zabaldu dira; iturri berria ipini gura dutela parkean, lurrak mugitzen ari direla… Ez dago horrelakorik. Eusko Jaurlaritzako Ihobe agentziak geologo bat eta bi langile bidali ditu lursail horretako lur zein ur laginak jasotzera.
Erabaki horren atzean gune honetan orain 50 bat urte zegoen zabortegia dago. Hainbat artxibotan agertu da hondakin biltegia zegoela hemen 60. hamarkadan, eta urte asko badira ere lurren egoera zein den ziurtatu gura dute Jaurlaritzako Ihobe ingurumen agentzian.
Laginak hartzen
Bi zundaketa putzu zabaldu dituzte, bata jolas-parkearen ondoan eta bestea beherago. Puntu bietatik ateratako laginak kutxa urdin batzuetan jaso eta txukun izendatzen ari dira egunotan.
Beharginek adierazi dutenez, momentuz ateratako laginetan ez da gai arriskutsuren arrastorik ikusten. Noizko zabortegia den ikusita hipotesi funtsezkoena da egotekotan hidrokarburo zein disolbente arrastoak egotea.
Emaitzak martxorako
Guneari gaur egun emandako erabilerak eraman du Jaurlaritza lur horiek ikertzera. Urte asko pasa badira ere haurrendako jolas-parkea dago zabortegiaren gainean, eta kontaktua zuzena da.
Ihobek martxo alderako izango ditu gertu emaitzak; txostena bidaliko dute udaletxera.