Hasita dago Elgetan hondakinen kudeaketaren inguruko hausnarketa

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko irailaren 28a

Udal ordezkariek iraileko Ogasun batzordean abiarazi zuten gogoeta.

Hondakinen kudeaketaren inguruko hausnarketa iritsi da Elgetara. Atez atekoa, bosgarren edukiontzia, konpostagailu komunitarioak, kontsulta herritarrei... erabakia hartzeko prozesuak zein izan behar duen finkatu gura dute, lehenengo eta behin, eta beste eragile batzuekin batera udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek iraileko Ogasun batzordean abiarazi zuten hausnarketa.

Bada, ezer gutxi zabaldu dute bertan egindako planteamenduen inguruan; izan ere, hausnarketa prozesua komunikabideetatik kanpo uztea adostu zuten. Hori bai, Ogasun batzordea, gainerako batzordeen moduan, herritar guztiei dago zabalik.

Mankomunitatea

Mankomunitateko Ingurumen batzordeak, bestetik, onartu du etxeko hondakinak bildu eta garraiatzeko zerbitzua kontratatzeko baldintza teknikoen agiria non atez ateko sistema pixkanaka ezartzeko Mankomunitateak egindako aurreikuspena jasotzen den. Leintz-Gatzagan, Bergaran eta Oñatin ezarpena berehalakoa izango da, Eskoriatzan 2014ko urtarrilean ezartzea aurreikusten da, eta Arrasaten 2014ko irailean. Aretxabaleta eta Elgetaren kasuan dokumentuak "zehaztu gabe" jasotzen du. Dokumentuak jasotzen du, halaber: "Kontratu honen hasierako aurreikuspena eskualdeko udalerri guztietan atez ateko sistema pixkanaka ezartzea da, Udal bakoitzak aurrez hori erabakitzen badu (…). Udalerriren bat ezarpenetik kanpo geratzen bada, Mankomunitateak dagozkion erabakiak hartuko ditu dagozkion eskuduntzen arabera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak