Jendetsua izan zen atzo, astelehena, Debagoieneko mankomunitateak autokonpostaren inguruan Elgetan egindako ikastaroa. 15 lagun zeuden aurretik izena emanda, baina 40 bat elkartu ziren udaletxeko pleno aretoan. Eskaera egina zuten 15 lagunek momentuan eraman zuten konpostagailua etxera, gainerakoek apur bat gehiago itxaron beharko dute.
Atzoko ikastaroan banatutako 15 konpostagailuei aurretik herrian dauden 40ak gehitzen badizkiegu pentsatzekoa da herrian badirela 55 familia konposta egiten dutenak. Familia horiei udaletxera deitzeko eskaera egin zien atzo Oxel Erostarbe alkateak. Jakin gura dute zehatz zenbat eta nortzuk diren etxean konposta egiten duten herritarrak.
Ikastaroa
Atzoko ikastaroan izan ziren, besteak beste, Mankomunitateko ordezkari Leire Egaña, Elgetako udal arduradun Oxel Erostarbe, Iban Retolaza, eta Ana Gillegi zein Elgeta Zero Zabor taldeko ordezkari Ibai Larrañaga.
Saioa Artelatz enpresako Arantxa Oriak gidatu zuen, eta konposta zer den, nola egiten den eta zertarako erabil daitekeen azaldu zuen. Konpostagailua nola muntatzen den ere erakutsi zuen. "Konposta egitea gauza erraza da, baina oinarrizko lau baldintza errespetatu behar dira. Konpostagailua ondo kokatu behar da, hezetasuna orekatu egin behar da, hondakin lehorrak eta hezeak neurri berean bota behar dira, eta ondo nahastu behar da pilatutako materia organikoa", esan zuen. Akats ohikoena omen da udaberri partean, batez ere, hondakin lehor gutxi botatzea.
Debagoieneko mankomunitatearen izenean Leire Egañak esan zuen gustura daudela autokonposta bultzatzeko deialdiak bailarako herrietan jaso duen erantzunarekin; guztira 230 lagunek eman dute izena.
Interesatuta egonez gero mankomunitatera deitu behar da. Konpostagailua zein ikastaroa doan ematen dituzte, eta ikastaro egunean bertan jasotzen da konpostagailua. Gainera, datorren urtarriletik aurrera zaborren tasa gutxiago ordainduko dute etxean konposta egiten dutenek.