Konpostagailua eskatu dute beste 16 elgetarrek; gaur ikastaroa izango dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko ekainaren 4a

Mankomunitateak ordu eta erdiko ikastaroa eskainiko du gaur, astelehena, udaletxean; interesatuek bertan jasoko dute etxean ipintzeko konpostagailua.

Artelatz enpresako Arantxa Oriak gidatuko du gaur, astelehena, Elgetako udaletxean egingo den autokonpostari buruzko ikastaroa. Ordu eta erdi iraungo du saioak, eta, hutsetik hasita, autokonpostatzearen gaineko informazioa emango dute.

Debagoieneko Mankomunitateak antolatu du ikastaroa Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, eta doan da. Artelatzeko arduradunek aurreratu dutenez, lau dira autokonpostaren inguruan argi izan behar ditugun oinarrizko kontzeptuak: konpostagailua ipintzeko leku egokia aukeratu behar dugu, hezetasuna orekatu egin behar dugu, konpostagailura hondakin organiko freskoa zein lehorra biak bota behar ditugu, eta prozesua egoki burutzeko ondo nahastu behar ditugu bertan pilatutako hondakinak.

Gaurko ikastaroan, konpostaren inguruko oinarrizko ezagutza jasotzeaz gain, konpostagailua bera, konpostaren inguruko gida bat eta harremanetarako telefono bat jasoko dituzte interesatuek. Konpostagailua nola muntatu behar den ere azalduko dute. "Helburua da etxeko konpostatzea bultzatzea", adierazi dute arduradunek. Lerrook idazterako, 16 ziren Debagoieneko Mankomunitateak antolatutako ikastaroan parte hartzeko izena eman duten elgetarrak; Debagoienean, guztira, 230 lagunek eman dute izena. Mankomunitateak emandako datuen arabera aurretik 40 bat konpostagailu daude Elgetan.

Izen-emateak zabalik da gaur eguerdira arte. Debagoieneko Mankomunitatera deitu behar dute interesatuek: 943 79 33 99.

Udalak inkesta etxerik etxe

Ikastaro horrekin lotuta, Elgetako Udalak galdera batzuk banatu ditu etxerik etxe. Besteak beste, udal arduradunek jakin gura dute lorategirik edo baratzerik gabeko zenbat herritar dauden interesatuta konposta egiteko.

Bisita praktikoa, eguenean

Eta eguenerako, hilak 7, etxean konpostagailua duen herritar baten esperientzia bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da herrian. Elgeta Zero Zabor Taldeak antolatu du bisita, 19:30erako. Parte-hartzea irekia da. Bihar, martitzena, Errausketari ateak ixten dokumentala emango dute kultura etxean, 19:30ean. Argibideetarako elgetazz@gmail.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak