Dozena bat lagunek aurkeztu dute gaur Elgeta zero zabor taldea, eta iazko datuak eman dituzte. "2011 urtean Elgetan 449.854 kilo hiri-hondakin sortu genituen —biztanle bakoitzak eguneko kilo bat baino gehiago—. Horietatik birziklatu, konpostatu edo kudeaketa berezia jaso zutenak 136.152 kilo izan ziren, %30 inguru. Gainerako %70 —313.702 kilo— zabortegietara joan zen", esan du Ibai Larrañagak. "Hondakinekin dugun arazoak kezkatzen gaituenez, gaiaren inguruan hausnarketa egin eta herri mailan irtenbideak bilatzeko taldean biltzen hasiko gara", jakinarazi du.
Lehen ekimenak Elgetan
Datorren asterako hiru hitzordu iragarri ditu Elgeta zero zabor taldeak. Astelehenean, ekainak 4, autokonposta ikastaroa antolatu dute Mankomunitatearen laguntzaz 19:00etarako. Martitzenean, ekainak 5, Errausketari ateak ixten dokumentala emango dute kultura etxean 20:00etan, eta eguenean, ekainak 7, konpostaren inguruko bideoa erakutsiko dute 19:30ean. Jarraian, konposta egiten duen herritar batengana joango dira prozesua bertatik bertara ezagutzera.
Bestalde, Elgeta zero zabor taldeak bat egin du errausketari ezetz esateko ekainaren 17rako Donostian mosaiko erraldoia egiteko eginda dagoen deialdiarekin. "Herritar guztiak parte-hartzera gonbidatu nahi ditugu, eta zalantzarik izanez gero informazioa eskatzera edo laguntza bila hurbil daitezen ateak zabalik uzten dizkiegu", amaitu du Larrañagak.